Entzun audio formatuan

Koloreek berebiziko garrantzia dute diseinuan eta sorkuntzan, adierazi nahi denaren izaera erabat aldatzeraino, hauen arabera.

Gainera, kolore bakoitzak hainbat aldaera izan ditzake, hotzak, beroak, elkarren arteko konbinazioak… Hemen behean adibide batzuk besterik ez ditut adierazi, eta idatzi dudanarekin ados ez egotea ederra litzateke 😉

Zer eragiten dizute zuri?

GORRIA

Indarra.

Gizakiak izena jarri zion lehen kolorea ote da? Pentsatu gabe edozein kolore esateko eskatzen digutenean askotan esaten dugun kolorea, nahiz eta gehien gustatzen zaiguna ez izan.

Edozein logotipotarako balio dezake, beltzarekin izaera oso gogorra hartu dezake.

Grina guztien kolorea, maitasunetik gorrotora. Erregeen eta komunismoaren kolorea, poza eta arriskua adierazi ditzake. Gelditzea edo aktibatzea. Odola. Heriotza edo bizitza!

URDINA

Lasaitasuna.

Gehien atsegin zaigun kolorea ote den galdetu genezake, batzuetan hala dirudi… Leku askotan ikusten dugu kolore hau, baina ez jaki eta edarietan! Urdina hotza izan liteke, baina baita lasaigarria ere.

Logotipoetan medikuntza edo enpresa mundua adierazteko erabili ohi dugu.

Badirudi grina eta pasiotik at, sentimendu lasaiak eta zintzoak indartzen dituela kolore honek. Kultura askotan urdina jainkoaren kolorea izan ohi da.

BERDEA

Natura.

Emankortasunaren kolorea, udaberria, itxaropenarena diote, eta burgesiarena. Osasuna eta gaztetasuna. Berde sakratua, edo pozoiaren berdea? Erdiko kolorea.

Jasangarritasuna eta naturarekin lotutako logotipoetan erabili ohi dugu askotan.

Askori ez zaio berdea atsegin, agian soilik kolorean pentsatzen dutelako, eta ez naturan? Berdea oso aldakorra da, urdin eta horiaren artean sortzen baita, eta urdin tanta batek berdearen izaera asko aldatzen baitu. Ni berdea sentitzen naiz…

BELTZA

Hutsunea.

Beltza kolorea al da? Boterea, indarkeria eta heriotza. Gazte eta moda diseinatzaileen kolore gogokoena. Elegantzia, modako kolorea. Ezezkoaren kolorea. Amaiera: maitasunetik gorrotora.

Logotipoetarako oso egokia izan ohi da, adierazi lezaken neutraltasunagatik.

50 beltz tonalidate desberdin topatu genitzake: ebano-beltza, alkitran-beltza, antrazita-beltza, asfalto-beltza, azabatxe-beltza, beltz-urdindua, betun beltza, brea-beltza, ikatz-beltza, kabiar-beltza, bele-beltza, txarol-beltza, ke-beltza, beltz-gorrizta…

ZURIA

Garbia.

Emetasuna, inozentzia, espirituala.

Kolorea ote? argiaren batura da, kolore guztien helmuga. Kolorerik perfektuena. Zuria beti dago laguntzen, osatzen, eta gainontzeko koloreei espazioa ematen.

Logotipoetan oso egokia da atzeko irudia eta kolorearen gainean jartzeko.

Zenbat zuri tonalidate ezagutzen dituzu? hamaika!

HORIA

Optimismoa.

Jolasa, urrea, eguzkia, mugimendua, garratza.

Logotipoetan oso zaila erabiltzen, beti beste kolore batekin konbinatuta. Beltzarekin oso izaera gogorra har dezake.

Kolore primarioa da horia, gorria eta urdinarekin batera. Hori kolorea urrea adierazi nahi denean erabiltzen dugu, izarren diztira, altxorrak edo eguzkia. Baina hala ere badirudi ez dela kolorerik gogokoena.

LARANJA

Gaztea.

Jolasa, budismoa, exotikoa, erakargarria eta indartsua! Dagoena baino laranja gutxiago ikusi ohi dugu inguruetan. Badirudi ez garela ohartzen hor dagoela. Laranja orain gutxi hasi da indarra hartzen, gorria edo horiak hartutako lekua bereganatzen ari dela esan genezake.

Logotipoetan oso ondo ikusten da, baina ez da koloreetan famatuena, egia esan.

MOREA

Magia.

Misterioa, teologia, feminismoa, eta gaur egun teknologia berriak.

Gaur egun batez ere feminismoa, emea edo teknologiarekin lotutako irudietako logotipoetan erabili ohi dugu.

More kolorea ere aldakorra da, gorri eta urdin kantitateen arabera purpura kolorea ere lor baikenezake. Garai batean boteretsuen kolorea izan zen. Gaztelaniazko edo italierazko violeta eta violencia hitzek antzik ba ote dute, botere hau kontuan izango bagenu?

ARROSA

Delikatua.

Kursia, eskandalosoa. Arrosa femeninotik arrosa maskulinora. Delikatua, goxoa, txikia, leuna…

Arrosa koloreak indar handia ematen dio logotipo askori, eta besteei leuntasuna, kolore honen konbinazio eta formaren arabera.

Bazenekien garai batean arrosa kolorea gizonezkoen kolorea zela? Gorri koloreak maskulinitatea adierazten zuen garaietan haur txiki mutilentzat gorri txikia erabiltzen zen, arrosa.

Gaur egun gure alabentzat kolore agresiboegia, esango nuke.