Aritz Etxeberria Altuna

2021/10/15

Entzun audio formatuan

Gaur hasiera batean nire ogibidearekin zerikusia duten esperientzia batzuren inguruan idazteko asmoa nuen. Baina batzuetan, tartean beste kontu batzuk sartzen dira, eta horiek tratatu behar, beranduagorako utzi gabe.

Izan ere, mila zereginez beteriko gizarte honetan, badira geroagorako uzten ditugunak. Atzeratzeko erabakia hartzen dugunean ordea, ez dakiguna da agian geroago ezingo ditugula burutu. Ez naiz ni bereziki gauza pertsonalak kontatu zalea, baina gaur behar horrekin jarri naiz pantaila aurrean.

Kontua da, orain dela pare bat urte etxez aldatu ginen azkenekoan izango zela nire amak eskuz idatzitako mezu bat ikusi nuen azken aldia. Duela aste batzuk ordea, horrelako oroitzapenak gordetzen ditudan kaxoian begirada bat eman nuen, eta hor topatu nuen berriz. Eta hara non, ikusi nuen egun gutxitan 10 urte beteko zirela idatzi zuen egunetik.

Idatzi hura, ni gaizki pasatzen ari nintzen garai batean eman zidan. Sare sozialetan, bizkarra ematen eta buruz behera agertzen nintzen argazki bat argitaratu nuen, eta hori oinarri, bere maitasuna helarazteko mezu eder bat idatzi zidan.

Denok ditugu momentu onak eta txarrak. Oraingoa ez da hain juxtu nire amaren onena. Eta pentsatu nuen mezu haren 10. urteurrena baliatuko nuela nik berari mezu bat idazteko, mezuaren argazki bat bidaltzearekin batera. Egun batzuk geratzen ziren, eta papera berriz gorde nuen, eguna iritsi bitartean. Eguna iritsi zen, baina oraindik ez dakidan arrazoiren batengatik, mezua ezin izan nuen topatu, nahiz eta kaxoia eta inguruak hiruzpalau aldiz arakatu.

Hasiera batean zentzu guztia izan zezakeen argazkia atera eta mezua idazteko ekintza egun batzuk atzeratzeak. Baina planak, pikutara. Hasieran zentzua zuena, mezu haren argazkirik gabe zentzua galtzen ari zen nire buruan. Eta horrela izaten da bizitza: uste dugu gero, bihar, datorren astean, hemendik urtebetera, izango dela aukera denadelakoa egiteko. Bai detaile txikiak badira, ekintza esanguratsuak edo baita erabaki handiak hartu behar baditugu ere. Baina ez da beti horrela.

Beraz, gaurkoan hemen eta orain daukadan aukera hau baliatu nahi dut, nahiz eta publiko egiteak lotsa dezente eman, nire amari mezu bat idazteko. Baina pentsatuz gero, ez da hainbesterako ere; okerragoa litzateke El diario de Patricia-ra joatea.

Ba hori, besteentzako hemen bukatzen da gaurko sarreratxoa, ados?!? Eskerrik asko!!!

Ama, sentitzen duguna hitzez esatearena uste dut ez dela ez nire, ezta zure puntu fuerteetako bat. Baina labur bada ere, idaztera animatzen naiz, zu duela 10 urte horrelako egun batean animatu zinen bezala.

Beti nire (gure) onena bilatzen, edozer egiteko prest. Beti laguntzen, beti kezkatzen, beti detaileak bilatzen. Seme ikuspegitik, ez naiz beti jabetu horretaz, baina urteak pasa ahala orduan eta argiago daukat, beti izan dela horrela.

Batzuetan ordea, norbera da laguntza behar duena. Nik neuk badakit, laguntza behar denetan, agian ez dela erraza besteengana laguntza eske joatea. Uste dut genetika kontua dela, eh, ama?

Jakin zure ondoan nagoela (gaudela). Ahal den neurrian, laguntzeko prest, animoak eta indarra emateko prest, beste kontu batzuetako pisua kentzeko prest. Edo besterik gabe, entzuteko prest. Eta garrantzitsua da norbera zaintzea, gero besteak hobeto zaindu ahal izateko. Emango dizut (dizugu) gure esku ikusten duguna, baina aldi berean, zuk lasai eskatu.

Eta nola ez, animo asko zuri, Josu. Nire indarra eta aurrera egiteko gogoa, zuretzat. Badakit pentsa daitekeela kanpotik hitz egitea erraza dela, barruan egotea dela zailena. Noski. Eta horren jakitun izanda, berriz ere nire animo, indar eta aurrera egiteko gogoa, zuretzat.

Eta ama, barkatu zuk idatzitako mezua (oraingoz) ez topatu izana. Badakizu ez naizela bereziki ordenatua gauzak gordetzerako orduan. Momenturen batean, gutxien espero dudanean, berriz agertzea espero dut. Bizitzan gauzak etortzen diren bezala.

Muxu handi bat. Maite zaitut.
Zure semea, Aritz.

Honaino nire ama ez den beste norbait iritsi bada, barkatu zuekin ez doan txapa. Baina, #esanbeharnuen.

Argazkia: eleni koureas