Goretti Aranburu Epelde

2021/09/17

Entzun audio formatuan

Lanera lasai, eroso eta pozik etortzea ez da erronka makala. Lana egin eta bezeroak arretaz jasotzeaz gain, lankideekin harreman erosoa izatea ezinbestekoa baita, eta esan nezake, askotan gai hau korapilatsua izan ohi dela.

Lantaldean desadostasunak sortu daitezke, abian dauden proiektuek eragiten duten presioagatik, lan egiteko modu desberdinak edo erritmo desberdinak ditugulako, etab.

Guzti honetaz konturatzea ezinbestekoa da, eta horretarako Zaintza espazioa jarri genuen abian, TaPuntun.

Zer da zaintza?

Zaintza ostadar zabal-zabal bat dela esango nuke, eta mila-miloi motatako zaintzak daudela ere esango nuke. Pandemiaren garai berri honek gainera, zaintzak ezinbesteko garrantzia duela erakutsi digu.

Zaintza, elkar-zaintza dela esango nuke, elkar babesa, norbanakoaren etxeko egoera ulertzea, lanerako malgutasun edo muga osasungarriak jartzea. Eta noski, talde-zaintza osasungarri batek auto-zaintzatik abiatzea eskatzen du.

Ezjakinak!

Badirudi ez gintuztela zaintzarako hezitu. Ez, ezta?

Erakutsi digutena ez ote da…

…zenbat eta azkarrago, jakintsuago, indartsuago, boteretsuagoa izan, bizitza hobeago bat izango dugula? Lanpostu hobeagoa, diru gehiago, eta herrian edo gure ingunean, ingurukoekin onarpen gehiago izango dugula? gehiago maiteko gaituztela?

Hiltzen naizenean brontzezko eskultura bat jarriko dute, nire omenez, herriko plazan.

Zaintzak umiltasuna eskatzen du.

Norbera bere akatsetaz ohartu, onartu, hausnartu, landu, partekatu eta guzti hau ulertu eta goxotasunez lantzean datza.

Zaintza negar egitea da, haserretzea, ados ez egotea eta mina sentitzea ere bada.

Zaintza eskertza da. Elkar besarkatzea. Indar betez elkarrekin aurrera egiteko bultzada da.

Zaintza, gure buruaz ahaztu gabe ondokoa zaintzea da. Zaurgarriak garela konturatzea. Begirada zabala izatea. Egiatik abiatzea. Eta lanaren atzean pertsonak gaudela konturatzea. Eta askoz gauza gehiago… hori da ikasten ari garena, uneroro, TaPuntuko lantaldean. Ikasten 😉

Eta ez, ez dute ez zure, ez nire omenezko brontzezko eskulturarik jarriko herriko plazan.

Baina aizu, lantaldean elkar ez-ulertu, ulertu, gorrotatu, maitatu eta elkarrekin erronkei aurre egitea, ez ote da ba altxorrik preziatuena?

Urrezkoa!