2021/06/25

martxan uda

Entzun audio formatuan

Dakizuen moduan, astero Martxan atalean TaPuntun jorratzen ditugun gaien inguruan hitz egiten dugu tapuntutarrok. Hala nola, diseinu egoki bat egiteko gako nagusiak, webguneetan funtzio zehatzak egiteko pluginen inguruko informazioa, marketin edo komunikazio alorreko tresna edo baliabide interesgarriak, …

Baina ez hori bakarrik, esparru profesionaleko gaiez gain gure egunerokoan gertatzen diren kontuak jasotzen ditugu bertan ere, pertsona batzuk osatzen baitugu TaPuntu eta horrek egiten baitu gure unibertsoa berezi. Garrantzitsua iruditzen zaigu beraz, sortzen diren kontu guzti horiei edota gure amets edo balioei beraien lekua ematea eta horretarako sortu genuen Martxan atala ere.

Maiztasunari dagokionez, 6 urteetan zehar astero zerbait argitaratu dugu, salbuespenak salbuespen. Dena den, astelehen honetan udan sartu garenez, atal honetan aldaketak egingo ditugula jakinarazten dizuegu.

Bizigarritasuna oinarri

TaPuntuko kide guztiok ikasturtean zehar gure onena eman ondoren, gure inguru gertuenekoekin gozatu eta txoko berriak ezagutzeko gogoa eta beharra dugu eta horrek gure ohiko martxa gutxitzea eskatzen digu, noski. Blog bat duzuen guztiok jakingo duzuen moduan, astero argitaratu ahal izateko, interesgarria izan litekeen edukian pentsatu, hau sortu eta testu horri lagunduko dion irudia prestatu behar da. Zeregin ikustezin asko.

Orduan, udaran Martxan atala geldi?

Geldi baino, uztaila eta abuztuan zehar, eduki berriak sortu eta ostiralero argitaratu ordez, orain arte interes gehien piztu duten Martxan ataleko artikuluak gogora ekarriko ditugu. Hondartzan edo leku lasai batean zauden horretan, patxadaz irakurri eta gozatu ahal izango dituzu beraz. Bide batez, zerbait ikasteko edo gurekin batera par egiteko balio badizu, asko poztuko gara, noski.

Eta zuk, ze martxa udaran?