2021/06/11

Transmedia storytelling

Entzun audio formatuan

Komunikatzeko garaian ez dago istorioak kontatzea bezalakorik. Azken finean, istorio onak gure bizitzaren parte bilakatzen dira; eta markek hori ondo baino hobeto dakite. Istorioak kontatzea beraien salmenta estrategietan txertatu zuten aspaldi.

Diotenez, Henry Jenkins irakasle estatubatuarra da Transmedia Storytelling kontzeptua sortu zuena.

ZER DA?

Transmedia Storytelling delakoa horrela definitzen da: prozesu bat da, non fikzio baten elementu ezberdinak modu sistematikoan kanal ezberdinetan zehar dispertsatzen diren, entretenimenduzko esperientzia bakar bat sortzeko helburuz.

Istorio bakar baten elementuak zatikatzeak dakarrena da, beharrezkoa dela erabili diren plataforma guztiak erabiltzea esperientzia osoa bizitzeko; istorioa bere osotasunean ezagutzeko.

Aspaldi utzi genuen atzean kanal masibo bakar bat erabiltzearen aukera. Garai batean eraginkorra zen jendartearen zati handi batera iristen zen bide bat aukeratu eta zabaldu nahi genuen mezua bertan kokatzea; esate baterako, telebista, irratia edo prentsa. Jakina da gaur egun askotariko bideak ditugula gure esku komunikatzeko; arestian aipatutakoei dozenaka bide berri gehitu zaizkie: webguneak, sare sozialak, posta elektronikoa, podcastak, …

Gaur egun, beraz, beharrezkoa da istorio on bat pentsatzea eta, hari bakar bati jarraituz, mezua askotariko medioetara egokitzea. Azaltzen ari naizen teknika ezin hobe egokitzen da testuinguru honetara.

ZEIN EZAUGARRI DITU TRANSMEDIA STORYTELLING DELAKOAK?

Honakoak dira teknika honen ezaugarri nagusiak:

  • Hedatzeko ahalmena: azkar eta modu zabalean tresna ezberdinen bidez, batik bat sare sozialen bidez, hedatzeko gaitasuna.
  • Jarraikortasuna: istorioaren koherentzia. Hari bakar bat dago guztia lotzen duena eta erabiltzaileak jarritako esfortzuak ordain bezala istorio osoa ezagutzea dakar.
  • Murgilketa: erabiltzaileak fikziozko mundu batean murgiltzeko gaitasuna.
  • Munduak eraikitzea: istorioa sinesgarria izateko, beharrezkoa da istorioan eraikitako mundu hori ahal bezain errealistena izatea; xehetasun nahikoa izatea erabiltzaileak hau sinesteko.
  • Serieak osatzea: istorioaren sekuentzia osoa hainbat zatitan banatzen da eta askotariko bideetatik zabaldu.
  • Subjektibotasuna: unibertso narratibo bakarrean ikuspuntu ezberdinetatik begiratzen zaio istorioari.
  • Errendimendua: erabiltzaileei protagonismo handia ematen zaie eta eduki berriak sortzeko aukera dute, hau ondoren sare sozialetara igoz eta istorioa osatuz.

ADIBIDE PARE BAT

Adibide pare bat azalduko dizkizuet; ziur lagungarriak izango direla teknika ulertzeko.

LOST TELESAILA

LOST aitzindaria izan zen telesail batekin lotutako transmedia estrategia bat martxan jartzerako garaian.

2004. urtean hasi zen emititzen telesaila, telebistak edukiak kontsumitzeko beste modu batzuekin esperimentatzen hasi ziren unean. Telesaileko ataletatik at zegoen mundu oso bat zabaldu zuten; adibidez, fikzioaren parte ziren Oceanic Airlines aire-konpainiaren eta Drive Shaft musika taldearen webguneak argitaratu zituzten, telesailaren inguruko informazio osagarria lortzeko balio zuen jolas bat saldu zuten, nobelak argitaratu zituzten, bideojokoak sortu, telesailaren amaiera alternatiboak zabaldu…

Izugarrizko arrakasta lortu zuen telesailak bere inguruan komunitate bat sortzen. Eta horren gakoa transmedia kontakizuna izan zen. Izan ere, telesailaren jarraitzaile izan ginenok (bai, ni ere tartean nengoen) aukera izan genuen atal eta atal artean eduki berriak kontsumitu eta argitu gabeko misterioen inguruan gure teoriak zabaltzeko.

RED BULL STRATOS MISIO ESPAZIALA

Red Bull edari energetikoen marka aditua da bere produktua balio eta esperientzia jakinekin lotzerako garaian. Markaren izena entzun eta automatikoki abenturarekin lotzen dugu.

2012ko urriaren 14an mundu osoko milioika pertsonak zuzenean ikusi genuen nola Felix Baumgartner-ek 39.068 metroko altuera batean kokatutako kapsula batetik salto egin zuen. Zuzenean ikusi genuen historiako erorketa libreko salto altuena; soinuaren-langa hautsi zuen gizaki batek lehen aldiz.

Helburu zientifikoekin ere erabili zen arren, lorpen honen oinarria marka baten publizitate kanpaina masibo bat zen. Bost urteko estrategia eta planifikazioa beharrezkoak izan ziren, eta baita 100 milioi euro inguruko inbertsioa ere ingeniaritza, marketin eta publizitaterako.

Markak kontakizun oso bat egin zuen hilabetetan zehar, mundu erdia istorioari harrapatuta egotea lortuz. Garrantzia nagusia istorioak zuen arren, eduki guztiak markari lotuta agertu ziren eta askotariko bideetatik hedatu ziren, markaren kontroletik alde egitera iritsi arte. Pentsa, saltoa 50 herrialdetako 80 telebista katetan eta 280 kanal digitaletan bota zen zuzenean, 50 milioi erreakzio positibo lortu zituen sare sozial ezberdinetan, eta abar luze bat.


Azken finean, bai kasu batean zein bestean, helburu komertzial bat lortzeko istorio bat izan zen oinarri, transmedia storytelling estrategia baten bidez garatzen zena.

Informazioaren iturri nagusia: La marca como agente creador de contenido multiplataforma transmedia – Alfonso Freire Sánchez

Goiburuko argazkia: Melyna Valle