2021/10/08

Entzun audio formatuan

Pasa den astelehenean, arratsaldeko 17:00ak aldera, baten baino gehiagok (ia denek ez esatearren), gure mugikorra hartu eta zerbait espero genuen bezala ez zihoala ikusi genuen. Niri etxean harrapatu ninduen egoerak, lanetik itzuli eta sofan bost minutuz eseri behar nintzen horretan, konexio arazoren bat ote nuen hasi nintzen begira.

Egiari zor, kable eta aparagailuen mundua nire mundua ez dela dakidanez, aitortu beharra dut ez nuela interes eta esfortzu berezirik jarri. Hori bai, segituan konturatu nintzen internet konexioa banuela eta maiz erabiltzen ditudan aplikazioak zirela ondo ez zebiltzanak (ez ditut aipatuko, aste honetan zehar nahiko entzun dira eta).

Egoera ikusita, hasiera batean antsietate puntu bat nabaritu nuela onartu behar dut. Lanean nagoen bitartean gai pertsonalekin zerikusia izan dezaketen mezuei ez baitiet kasu askorik egiten eta normalean une horretan erantzuten ditut eta. Dena den, argi ikusi nuen seguraski arratsalde horretan ezingo nuela erantzun, egoera zenbat luzatuko zen aurreikusteko aukerarik izan gabe gainera.

Hala ere, arratsaldeak aurrera egin ahala, lasaitzen joan nintzen. Eta ez hori bakarrik, normalean baino lasaiago egon nintzela konturatu nintzen. Onartu beharra dut beraz, asko gustatu zitzaidala sentsazioa.

Ohera heltzean egoeraren inguruan hausnartzeko aprobetxatu nituen egunaren azken uneak. Iraganean, aplikazio horiek gabe eta baita mugikorrik gabe ere komunikatzeko gai ginela gogoratu nintzen. Lagunekin gelditu eta beti berandu zetorren lagun horretaz akordatu nintzen, zehazki. Bere erruz (edo berari esker), sortu zitzaizkigun egoera surrealistak etorri zitzaizkidan gogora eta par batzuk bota nituen bide batez. Gainera mezu bidez baino, telefonoz askoz hobetu komunikatzen nintzela konturatu nintzen. Dei gutxiago bai, baina hauek gaur egun jasotzen ditudan mezuak baino politagoak edo gertuagokoak zirela, alegia.

Aldiz, hau horrela izanda ere, testuingurua eta berrikuntzak medio, egunerokoan aplikazio horietara jotzen dut etengabean. Gaur egun, dei baten “zuzenekoak” urduri jartzen nau eta zoritxarrez aukera horrek eskaintzen dituen abantailak ahaztu ditut guztiz. Kontrapuntuan, aplikazio horiek dependentzia eta antsietate maila handia eragiten didatela argi ikusi nuen astelehenean, eta horrek ere eman zidan pentsatzeko aukera.

Hemendik aurrerako bidean, zer egin ordea?

Bakoitzak, ahal duena eta ahal duen moduan. Hori bai argi izan beharko genuke, hutsune batek aukera berrietarako ateak irekitzen dizkigula eta batzuetan, aukera berri horiek, berrikuntza baino, atzerapausu interesgarriak ematea ahalbidetzen digutela. Beraz, gure esku dago aurrera edo atzera egitea, baina argi izanda atzera egiteak bere garaian ikasi genuena gogora ekartzea eta praktikan jartzea posible egiten duela.

Eta zuk, zer nahiago?