Lore Zubizarreta Uranga

2021/10/22

Nire lehen martxan egitera ausartu naiz azkenean, banuen gogoa!

Hasierei buruz hitz egitera natorkizue; aldaketa baten aurrean nola berriz hasi eta egokitu.

Beste askori bezala pandemia egoerak lehen nuen bizimodua erabat aldatu dit. Nire kasuan gauza berriak ekarri dizkit, TaPunturen etorrera adibidez.

Hasierak ez dira makalak izaten, dena da hain ezezagun.

Pertsonok oro har 21 eguneko egokitzapen denbora behar dugula esan ohi da eta kasuan kasu gehiago ere behar dugula esatera ausartuko nintzateke.

Orain dela urte batzuk ikasketak amaitu eta denbora laburrean “nirean” lantxo egonkor bat aurkitzen duen gazte zortedun horietako bat nintzelakoan nengoen. Bapatean ordea covid deituriko zurrunbiloak harrapatu eta, orain, zer egin? Etxean geratu beharra, etxeko egoera ere zaila, lehen nuen lantxo hura egoeragatik desagertuta…

Honi irtenbidea eman nahian zurrunbilotik ateratzeko saiakera egin nuen. Gelditu, egoera ulertu eta pentsatu nuen “ea Lore, zer egin behar den orain? Lana bilatu, ikasten hasi berriz…edo zer?”. Argi nuen “zerbait” egin nahi nuela, “zerbait” hori zer izango ote…auskalo, denbora behar nuen.

Etxeko berrogeialdiak hausnarketarako zer pentsa eman zidan, gustura hartu nuen auto-hausnarketarako denbora hura eta aurretik nituen galderei erantzuna ematen lagundu zidan. Honetaz gain etxekoekin eta bizilagunekin bingo-ra jolasten ikasi nuen eta baita sagardo botila bat irabazi horren kontura ere, pentsa!

Pausa horren ondoren, eta jada ideiak argiago izanda, denok ezagutzen ditugun lan-bilatze prozesuko plataforma eta dokumentuen eguneraketak egin nituen, beteko ninduen zerbaiten bila. Horrelako batean TaPunturekin egin nuen topo, gogoan dut oraindik elkarrizketa egitera Usurbilera etorri eta bulegora sartu nintzen lehen eguna, gaur egun lantaldearekin ere anekdota moduan kontatzen dut elkarrizketa horretan bizitakoa, sentsazio ezinhobea.

Zero momentutik nabaritu nuen proiektuekiko ilusioa, eskainitako denbora, talde-lana eta gauza onak ospatzearen garrantzia. Niretzat beraz eguneroko ikasketa bilakatu zitekeen ibilbidea hastear nindoan susmoa nuen eta egun horrelaxe ari da izaten, eta jarrai dezala.

Aitortu beharra dut oraindik ere noiz edo noiz hainbat proiektu eta egoeretara egokitzeko lana izaten dudala, baita bizitzako beste aspektuetan ere, izaerarekin bat datorrela esango nuke. Horrek badu bere xarma ordea, noizean behin berriz ere ikasle izatera itzuli eta taldearen edo ingurukoen laguntzaz proiektua edo dena delakoa hartu eta ilusioz aurrera ateratzea.

Orain atzera begira jarriz eta egoerak eskatuta, aholku modura aipatuko nizueke nirea derrigorrezkoa izan bazen ere, berrogeialdi pertsonal boluntarioak proposatzen ditudala. Hau ez diot etxean geratzeari deitzen, edo bai, bakoitzak baloratu dezala, baina bai egunerokotasuneko errutina alde batera utzi, zurrunbilotik atera, gelditu eta pentsatzeko aukera izateari.

Hementxe nire azken urteetako esperientzia beraz, eta amaitzeko, nola ez, esker mila TaPuntu! Administrari gaztetxo honek 21 egun baino gehiago behar izan ditu eta denera egokitzen. Zuei esker aspaldi buruan nuen eta beteko ninduen “zerbait” egite horri erantzuna topatzeko bidean lagun izateagatik.

Lantaldean urtebete pasa eta gero, jada “berria” izate horrek ez dit aitzakia bezala balio, ez? Beste zerbait asmatu beharko dut.