Emango diogu merezi duen tokia bigarren abizenari?

Azkenaldian nire pentsamenduetan behin eta berriz agertzen den gai baten inguruan arituko naiz gaur: bigarren abizenei ematen diegun tokiaz. Egun bat bai eta hurrengoa ere bai askotariko edukiak lantzen ari gara gurean; eta behin eta berriz “abizen bakarra duten pertsonekin” egiten dut topo. Hau gertatzen den aldiro, alarma gorria pizten da nire buruan: “Horrela beharko luke? Bigarrena txertatzeko gomendatu beharko nioke?”.

Pentsatu idazle, kirolari, abeslari, … ezagunetan. Zenbat kasutan ezagutzen duzu beraien bigarren abizena?

Zein abizen ditu Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen Maialenek? Eta Bernardo izeneko idazleak? Zeintzuk dira Euskal Herriko lehendakarien bigarren abizenak?

Abizenen erabilera toki bakoitzeko kulturak baldintzatzen du. Jakin badakigu herrialdearen arabera oso errealitate ezberdinak topatuko ditugula; baina has gaitezen guretik. Dokumentu ofizialetan lehen bi abizenak idazten ditugu, gertuko inguruan abizenen araberako familia loturak egiten iaioak gara, bere euskal abizen kopurua zenbatzen dabilenik ere badago… baina komunikazioaren arloan (hedabideetan, karteletan, sare sozialetako erabiltzaile izenetan, bideoetan, ekitaldietan…) ohikoena lehen abizena soilik erabiltzea da. Eta ez esan, mesedez, arazoa toki falta denik.

Erabileraren ohituraz gain, abizenen ordenak ere eragina du guzti honetan. Familia tradizional batean (ama-aita-haurrak), haurraren lehen abizena aitarena izaten da eta bigarrena amarena. Beraiena hain tradizionaltzat ez duten familia askotan ere, berdin. Eta oso noizbehinka, tamalez, alderantziz. Baina hau beste kontu bat da.

Zorionez, baditugu familia tradizionalaz harago beste hainbat familia eredu ere: bi ama, bi aita, ama bakarra, aita bakarra, harrera gurasoak eta abar. Kasu hauetan, halabeharrez, estandarra hausten da.

Kasuistika oso zabala den arren, oraingoz monopolioa den IZENA – AITAREN LEHEN ABIZENA – AMAREN LEHEN ABIZENA egituran pentsatuz jarraituko dut hemendik aurrera.

Honaino iritsi eta gaia interesgarri suertatu bazaizu, spoiler bat: ondoren datorrenaren inguruan: ez dut izenburuko galdera modu zurrunean erantzungo.

Hau dena zertarako?

Ikusgarritasuna da gakoa. Ikusi dugunez, abizenen ordenaren aukeraketan arrakala nabarmena da; nahiz eta legez ordenaren aukeraketa librea izan, errealitatean aiten abizenei (eta ohiturak jarraitu ahala, aitonenei, birraitonenei…) ikusgarritasun askoz handiagoa ematen diegu amenei (amonenei, birramonenei…) baino. Eta betikotzen ari da.

Aldaketa txiki bat eman den arren (gaur egun ez genuke zuzenean pentsatu beharko norbaiten lehen abizena bere aitaren lehena denik), egoera ezin dugu normaltzat jo; ezta gutxiago ere!

Abizen bat edo bi idaztea ez da erabaki hutsala modu batean edo bestean edukiak plazaratzen lan egiten dugunon kasuan. Honen inguruan kontziente izan eta pausoak ematen ez ditugun artean, betikotze horretan lagunduko dugu.

Bada aurrekaririk

Egia esango dizut; gai honen inguruan hitz egin aurretik hobeto kokatzeko saiakera egin dut eta ez zait erraza egin honen inguruko erreferentziak topatzea. Hausnarketa sendorik ez dut topatu; ezta irizpide garbi bat hartu duen komunikabide edo erakunderik ere (egon, egongo dira ziur).

Berrian, adibidez, antzeman da aldaketa abizenen afera honetan; geroz eta sarriago ikusten ditugu kazetarien bi abizenak artikuluen goiburuetan. Udal batzuek irizpide gisa txertatu dute beraien komunikazioan pertsonen bi abizenak erakustea ere; baina ez da sarri errepikatzen.

Zer egin dezaket norbanako gisa eta zer egin dezakegu modu kolektiboan?

Ez naiz ni izango egin behar dena modu itxian esango duena. Gai hau mahai gainean jartze hutsari eta honen inguruko irizpide bat ezartzeari balio handia ematen diot.

Hartutako erabakiaren arabera, asko dira eman ditzakegun pausoak. Diskriminazio positiboa erabiltzea da bat. Esate baterako, hainbat kazetarik haien lehen abizena sigla batekin laburbildu eta bigarrena osorik erakustearen hautua egin dute. Beste aukera bat beti biak erabiltzea da; edo “protagonistari” zer nahi duen galdetzea.

Norbanako gisa, proposatuko nizuke gutxienez gaiaren inguruan pentsatu eta erabakitzea zuk nola nahiko zenukeen; zure abizen bat edo bi erakustea nahiko zenukeen.

Publikoki ezaguna bazara, aukera baliatu dezakezu gaia lehen lerrora ekarri eta bigarren abizenari dagokion tokia emateko, diskriminazio positiboa erabiliz.

Banakako erabakiaz gain gure erakunde, enpresa, kolektibo, elkarteetan… erabaki kolektibo bat hartzeko gai bagara, askoz hobe. Beste gai batzuekin egiten dugun moduan (markaren erabilera, hizkuntzak, hizkera parekidea…), jar ditzagun abizenen inguruko irizpideak!

Mugimendu feministak eman digu pistarik orain arte eta ziur etorkizunean ere argi pixka bat jartzen lagunduko digula. Baina itxaroten egon ordez, has gaitezen bakoitza gure eremutik pauso txikiak ematen.