2020/10/23

Jakingo duzue, Google bilatzaile soil bat baina askoz gehiago dela. Bilatzaileaz gain, bere produktu ezagunenak Gmail, YouTube, Google Maps, Google Chrome edo Android dira, besteak beste. Produktu hauek doakoak izan ohi dira.
Buru nota: “Gogoratu produktu bat doakoa denean, produktua zeu zarela”.

Kasu honetan, hain ezaguna ez den beste produktu bati buruz hitz egingo dugu: Google Adsense.

Zer da Google AdSense

Google AdSense, Google-en iragarkiak txertatzeko doako zerbitzua da. Eta norentzat dago zuzendua? Batez ere webgune kudeatzaile, blog idazle edo YouTubeko kanal baten jabeei zuzenduta dago. Iragarkiak sartzen dituen pertsonak, diru kantitate bat lortuko duelarik trukean.

Lortu al daiteke dirurik Google AdSense bidez?

Askotan entzuten dugu, youtuber edo influencerrek beraien irudia erabiliz bideoak argitaratzetik dirutza jasotzen dutela. YouTube-ren kasuan, bideo hauetan txertatutako iragarkiak AdSense bidez kudeatzen dira. Baina milioika jarraitzaile duten pertsona horietatik haratago, ba al da dirua lortzerik?

Esan dezagun, dirua lortzea aukera bat dela, baina bertatik bizitzea zaila dela.

Iragarkiak gure edukietan gehitze hutsak ez du dirurik sortzen. Iragarkia ikusi edo bertan klik egiten duten erabiltzaileak dira dirua sortzen dutenak. Horrek esan nahi du, gure blog, webgune edo YouTubeko kanalak bisita kopuru handia izan behar duela. Eta horretarako, beste gauza askoren artean, kalitatezko edukiak dauka garrantzia.

Nola sortzen dira iragarkiak?

Iragarkiak sortzeko modua aldatuz doa, baina antzekoa izaten da beti. Gaur egun, lau motataako iragarkiak txertatu genitzake:

Google AdSense: iragarki motak (2020)
  • Display motakoak
    Irudi bidezko iragarikiak dira. Batez ere goiburu edo sidebarretan txertatzeko pentsatuak.
  • In-feed motakoak
    Webguneko edukiaren itxura antzekoa eman dakiokegu iragarki hauei.
  • In-article motakoak
    Itxuraz gain, edukien erdigunean txertatzeko moduko iragarkiak dira.
  • Esteka motakoak
    Guztietatik zaharrenak dira, testu soila txertatzen delarik.

Eta iragartzen duguna kontrolatu dezakegu?
Ez. Baina iragarkiak ez dira guztiz ausazkoak, askotan idazten edo ikusten ari garen horren inguruko gaiak txertatuko dituelako Google-ek.

Horrek esan nahi du, produktu edo zerbitzu baten inguruan hitz egiten ari bagara, konpetentziaren iragarkia ere atera daitekeela. Kontuz beraz!

Kasu praktikoa

Gaia luze doa eta horrelakoetan kasu praktikoek lagundu dezkete hobeto ulertzen. Horretarako nire kasua hartuko dut (eta bide batez, link building pixka bat burutu dezaket). Aspaldi, denbora libre gehiago nuen garaian, pare bat webgune garatu nituen.

Horietako bat, furgoneta, karabana eta autokarabanentzako Europako gune, parking eta kanpinak biltzen dituen webgunea da. Mugikorreko interneta oso mugatua zen garaian, Europan zehar bidaia bat antolatu nahi nuenean, horrelakorik topatu ez, eta nik sortzea pentsatu nuen. Esandakoa, denbora libre gehiago nuen.
Gaur egun berrikuntza dezente behar dituen webgune honi (10 urte baina gehiago ditu, errespetu bat, mesedez), AdSense publizitatea jarri nion, batez ere sortuko zituen urteko gastutxoak (domeinua eta zerbitzaria) kubritzeko asmoz. Eta beno, hasieran askorik ateratzen ez banuen ere, gaur egun gastu hauek ordaintzeko lain ateratzen dut bertatik. Agian webgunea berritzen dudanean (jojojo) gauza hobetuz joango da. Kontatuko dizuet.

Bestetik, garai berdinean edo, Euskal Herria eta inguruko probintzietako karting pistak biltzen zituen mapa osatu nuen (hasieran azpidomeinu batean, eta duela bi urtetik .eus domeinuan).
Hemen ez nuen iragarki sistemarik ezarri, eta berriki pentsatu nuen hemen ere sartu nezakeela, arrazoi berberagatik.

Google-en onarpen filtroak

Bigarren webguneak (karting-aren ingurukoak) erakutsi dit gaur egun ez dela hain erraza Google-ek bere iragarkiak txertatzeko baimena ematea.

Lehenik webgunea zaharkituta nuela esan zidan. Ez da harritzekoa, esan bezala webgune honek ere 10 urte baina gehiago baitzituen:

Asteburu bat hartu nuen webgunea berritzeko erronka bezala. Jarri eta egin. Eta ondoren webgunea berrikusteko eskaera egin nuen.

Berriz ere, zuzenketa eskatu zidaten. Oraingoan, AdSense kodea sartu nezan eskatu zidaten. “Elementala, Watson maitea“.

Kodea sartu eta berrikusketa eskatu nuen bigarrengoz. Eta hemen, sorpresa handia.

Euskara eta Google AdSense

Bigarren berrikustekaren ondoren, berriz ere zuzenketak egin behar nituela ikusi nuen. Nire harridurarako, zuzendu behar nuena, webguneko hizkuntza zen. Zehazki, euskara.

Google AdSense erabiltzeko hizkuntza kopuru mugatua dagoela ikusi dut. Eta euskara, ez da horietako bat.

Nire kasuan webgunea euskaraz eta gaztelaniaz osatu dut. Horrek nire harridura handitu besterik ez du egin.

Argi daukat ez dudala euskarazko aldea kenduko. Gainera, .eus domeinuak ez luke zentzurik izango euskara gabe. Azken saiakera egiten ari naiz, gaztelania hizkuntza lehenetsia bezala jarriz, ea onarpena lortzen dudan.

Eta onarpena lortzen ez badut, Google AdSense-ren alternatibak bilatzen hasiko naiz. Beste Martxan batetarako primerako gaia!