2020/10/02

Zergatik agertzen zait galdera ikurra Emoji emotikonoa beharrean?

Gertatu al zaizu inoiz norbaitek mezu bat bidaltzean edota sareetan argitalpen bat ikustean emotikono bat beharrean goiburuko irudian ikusten den karratu berezi hori agertzea?

Niri askotan gertatu zait azkenaldian eta, egia esan, deseroso sentiarazi nau; emotikonoek badute alde ludikoa, baina oinarri oinarrian, emozio jakin batzuk adierazteko tresna dira, besterik gabe. Ikono txiki horrek askotan ondoren datorren testuaren tonua zein den jakiten lagundu dezakete.

Emojien testuingurua

Ikusten ditugun emotikono guztien atzean Unicode estandarra dago. Estandar honek arautzen du nola irudikatuko diren testu edota ikono ezberdinak; ondoren, gailu edo tresna bakoitzaren atzean dauden enpresek erabakitzen dute ikono bakoitza nola ikusiko den, baina beti ere estandarrekoa oinarritzat hartuz.

Gaurko gaia, baina, ez da hori. Bihozdun aurpegia bi gailutan (mezua bidali duenarena eta jaso duenarena) zehazki berdin ez ikustea ez da arazo.

Zerk eragiten du Emoji batzuk ez erakustea behar bezala?

Inoiz baino emotikono ezberdin gehiago ditugu eskura; eta geroz eta tresna/gailu gehiagotan, gainera.

Hainbat arrazoi ezberdin egon daitezke emotikono batzuk aplikazio, gailu edo plataforma ezberdinetan guk espero dugun moduan ez ikusteko.

Arrazoi nagusia Unicode estandarraren bertsio ezberdinetatik eratortzen da. Aldiro (normalean urtero) estandarra eguneratu egiten da karaktere eta emotikono berriak jasoz, baina estandar honetan oinarritutako tresnek ez dute beti eguneraketa erritmo bera jarraitzen.

Zer egin dezakegu arazoak ekiditeko?

Emotikonoak modu profesionalean erabiliko baditugu (esate baterako, gure komunikabidearen Telegram kanalean edo gure elkartearen sare sozialetan), komenigarria da mezua osotasunean ondo ikusiko dela bermatzea.

Soluzio onena emoji ohikoenak edo zaharrenak erabiltzea da.

Hartzaile kopuru handi batek ondo ikusteko probabilitatea handiagoa izango da; baina ezinezkoa izango da %100ak ondo ikusiko duela bermatzea.

Emojipedia ere tresna interesgarria izan daiteke. Webgune horretan emotikono ezberdinak bilatu ditzakegu eta gailu edo sistema eragile ezberdinetan nola ikusiko diren aurreikusi. Eta, garrantzitsuena, garaiz jakin ahal izango dugu emotikono jakin bat ez dela egokia nonahi ikusteko.

Erabiltzaile ikuspegitik, gomendioa sistema eragile eta aplikazioak azken bertsioarekin eguneratuta mantentzea da.

Eta, amaitzeko, bitxikeria bat

2021ean zehar 217 emoji berri izango ditugu eskuragarri. Aurretiaz genituen ikonoen azal koloreen aukera gehigarriekin dute zerikusia gehienek. Baina badira beste 7 irudi guztiz berriak direnak.

Iturria: Emojipedia

Laster irudi soil batekin adierazi ahal izango dugu bihotza ❤️ sutan 🔥daukagula! Nola bizi ahal izan dugu orain arte hau gabe?