2020/10/16

Marka

Marka guztiek, pertsona guztiek bezalaxe bere nortasuna dute, bere indargune, ahulezi, egiteko modu eta balioekin.

Baina, zer egin nortasun horrekin, komunikatu edo neutral mantendu?

Galdera honen erantzuna bilatzeko orduan, marka edo proiektu baten nortasuna agertzearen arriskuak edo kezkak agertu ohi dira mahai gainean. Bezero diren horiek galdu edota berriak lortzeko zailtasunak eragin ditzakegula sentituz.

Ikuspegi horrek badu bere alde positiboa noski, lohizko bidea ekidin eta segurtasun maila handiagoko ibilbide batengatik apostu egitea, arrisku maila gutxituz. Gehiegi gailendu gabe aurrera egitea nolabait esateko. Errespetagarria guztiz.

Baina ezin dugu ahaztu, lokatzetan ibiltzeak baduela bere alde positiboa. Bertara salto egin eta zikintzeak, beste gauza batzuk ikusi eta lantzeko aukera ematen baitigu.

Are eta gehiago bide horretatik taldean joatea erabakitzen badugu; gure parean doan horrek, gure ahulgune eta indargune guztiak ikustean, gurekin enpatizatu eta seguraski gurekiko begirune handiagoa eta atxikipen maila altuago bat lortzeko aukera suertatu daiteke eta.

Bestalde, bizitzak askotan gorabeheraz beteriko bideetatik garamatza, aurrez ezer galdetu gabe, eta une horietan neutral mantentzeak ez duela askorako balio izaten, botak jantzita dauden beste horiek (gure lehiakideek) gu aurreratzeko indar eta abilezia gehiago izango dute eta. Zer esanik ez, parean duten horien (bezeroen) enpatia eta babesa landuta edo irabazita badute.

Gauzak honela, bota berri edo lokatzez beterikoak, zuk zeuk aukeratu baina argi izan erabilitako horiek nortasun gehiago izango dutela beti!