2020/11/06

Covid garaian bizi gara, onartu dezagun. Iada gure etxeetan, lantokietan, kalean… odolean eta gure izaeran txertatuta daukagu.

Nor ez da aztoratzen pelikula batean bi pertsona eskua ematen ikusten dituenean? eta bi pertsona besarkatzen? bai, bai… odolean daramagu iada.

Konturatu gaitezen.

Egia da, egoerak hala eskatuta, distantziak, musukoak, eskuak garbitzearena… garrantzitsua dela osasun begirada batetik. Baina nire gaurko ikuspegia beste bat da. Uste baitut, egoera batek 360ºko eta 3Dko begirada bat eskatzen duela beti.

Segurtasuna adierazten ari garen irudi berberarekin hoztasuna adierazten ari baikara askotan. Eta uste dut, komunikatzaileok zeregin eta ardura handia daukagula garaiotan.

Adibidez, zer irakurtzen duzu zuk beheko irudi honetan?

Nik hainbat gauza. Begirik eta ahorik gabeko pertsonak, adibidez. Gorputza eta besoak geldirik. Ba ote dakite hitz egiten, edo mutu daude? Norberak bere iritzia eman dezake? Entzuten dute elkar? Besarkatu noski ez, ezin dute, baina gutxienez elkar begiratzen dute? Elkar laguntzen dute? Taldean egiten dute lan? Badute elkar zaintza ikuspegirik?

Diseinatzaileok erronka handi bat dugu aurrean. Uste baitut, musukoaz gain, irribarreak, begiradak, elkar komunikazioa eta talde izaera adieraztea ezinbestekoa dela garaiotan, indibidualismora garamatzaten input gehiegi ditugulako inguruan.

Behin eta berriz, eta berriz, ikusten dugun irudia oso erraz barneratzen dugu pertsonok (zer esanik ez haurrek); ondo dakigu hori komunikatzaileok.

Guzti hau dela eta, komunikazio osasungarri baten alde bultzatzera gonbidatzen zaituztet!

Pd. Zer irakurtzen duzu azaleko irudian? Ziurrenik gauza asko.