Ainhoa Iribar Lizeaga

2020/07/30

linkedin profila

LinkedIn sare soziala, arlo profesionaleko hainbat helburu lortzeko oso baliagarria izan daiteke. Hala nola lan bilaketarako, bazkide berriak edo kolaboratzaile berriak lortzeko, arloko profesionalekin ezagutzak partekatu eta elkarrekin ikasteko…

Dena den, lan bilaketa prozesu batean murgilduta bazaude egun, eta zure helburua LinkedIn-en bitartez lan aukerak topatzea bada, adi ondoko sarrerari.

Lehenik eta behin kontutan hartu behar dugu, LinkedIn-en posizionamendua dagoela, beste marketin tresna guztietan bezala. Hau da, enpresek zure motako profil bat behar duten unean, tresnak eskaintzen dien bilatzailearen irizpideak aukeratu ondoren, zure hautagaitza lehen orrialdeetan agertzea lortzea ezinbestekoa izango da.

Posizionamendu edo ikusgarritasun hau lortzeko hainbat bide landu daitezkeen arren, lehen pauso gisa zure profileko atal zehatz batzuetan ondoko gakoak kontutan izatea gomendatzen dizugu.

“Izenburu profesionala” atala

Zure izen-abizenen azpian doan atala da. LinkedIn-eko erabiltzaile askok gutxi lantzen duten arren, ikusgarritasuna lortzeko bidean berebiziko garrantzia duen atala da. Izan ere, enpresek zure motako hautagai bat bilatzeko garaian bilatzailean idatziko dituzten hitz gakoak, zuk izenburu profesionalean dituzunen berdinak izanez gero, gutxinaka zure posizionamendua hobetuko da organikoki (naturalki). Horretarako oso baliagarria izango da zure interesekoak izan daitezkeen lan eskaintzak denbora batez aztertu eta bertan errepikatzen diren kontzeptu zehatzak identifikatzea (bai lanpostuaren izena zein gaitasun zehatz bati dagokionez) eta noski, hauek zure LinkedIn-eko izenburu profesionalean txertatzea.

“Nire buruz” atala

Izenburu profesionalaren atalean bezala, atal honetan hitz gako horiek txertatzea oso baliagarria da. Dena den, aurrekoan ez bezala, atal honetan karaktere gehiago txertatzeko tartea daukazu eta, hori dela eta, zure helburu profesionala zein egungo lan egoera zein den argitzea gomendatzen dizugu (langabezian egonez gero, atal honetan txertatzea gomendagarria litzateke eta ez izenburu profesionalaren atalean).

“Gaitasun eta balidazioak” atala

Egungo ingurune desegonkorrak, enpresei etengabean egoera berrietara egokitu eta bide berriak topatzeko erronka jarri die aurrez aurre. Hori dela eta, erakundeko partaide izango diren pertsonei ezagutzaz gain, hainbat gaitasun eta abilezia kontrolpean izatea eskatuko diete. Beraz, LinkedIn-eko atal honek berebiziko garrantzia izango du enpresentzat eta horretarako lehen pausoa autoezagutza egitea izango da. Zure gaitasunak argi identifikatu, eta horien artean enpresentzat interesgarrienak izan daitezkeenak aukeratu beharko dituzu atal honetan barneratzeko.

Behin guzti hau argituta, profila lantzeaz gain, LinkedIn-eko estrategia on bat garatu beharko zenuke ikusgarritasuna lantzeko bidean. Dena den, hori hurrengo sarrera batean azalduko dugu, beraz jarrai gaitzazu gertutik!