Ainhoa Iribar Lizeaga

2020/07/03

Online ikastaroak

Azken hilabeteetan oso ohikoa izan da gutako askok online ikastaroetan izen ematea, etengabeko hobekuntza eta ezagutza ezberdinak barneratzeko helburuz. Dena den, gure esperientzian oinarrituz, ezjakintasun handia egon da ikastaro hauek era egokian aukeratzeko garaian eta orokorrean ez gara fin ibili.

Hala ere, ikastaro hauek era egokian aukeratzeko gomendioetan sakondu baino lehen, online ikastaro eta urrutiko prestakuntza ikastaroen arteko ezberdintasuna argi utzi nahiko genuke:

  • Online ikastaroak
    Plataforma birtual bat oinarrian hartuz, prestakuntza garatzeko aukera dugu, euskarri mota anitzak (bideoak, infografiak, foroak, saio presentzialak…) eta irakasle eta gainontzeko ikasleekin etengabeko eta zuzeneko harremana izanik. Orohar esan genezake, sakontasun maila handiko ikastaroak izaten direla, non ikaslearen inplikazio maila altua beharrezkoa izango den.
  • Urrutiko prestakuntza
    Landu beharreko dokumentazioa posta elektroniko bidez jaso eta era autonomo batean irakasleak proposaturiko lanak aurrera eramaten dira. Gainontzeko ikasleekin ez dugu harremanik. Formatu aldetik, euskarri sinpleak dira eta egin beharreko lanak indibidualak.

Behin ezberdintasun hori azaldu ondoren, zer eduki beharko genuke kontutan ikastaro bat edo beste aukeratzeko garaian?

  1. Zein da nire egoera?
    • Nola nago denbora, baliabide ekonomiko eta inplikazio aldetik? Lana taldean egiteko prest nago edo nahiago dut bakarka lan egin?
    • Nola moldatzen naiz inguru birtualetan?
  2. Helburu eta gaitegiaren inguruko aurretiako informaziorik bai?
  3. Antolatzaile eta irakasle taldearen inguruko erreferentziarik?
    • Esperientzia, garaturiko bestelako ikastaroak, erabiltzen duten metodologia, …
  4. Behin ikastaroa amaituta, ziurtagiriren bat jasoko nuke?
  5. Prezioa eta hau ordaindu ahal izateko dirulaguntza aukerak?

Oinarrizko galderak diruditen arren, oso garrantzitsua izango da izen ematea burutu baino lehen hauek argitzea. Bestela, espektatiba eta errealitatearen arteko desorekak emango dira, motibazio, diru eta denbora aldetik galerak sortuz.