Ekain Arostegi Melero

2020/06/05

Aste honetan nire txanda da martxan idazteko. Orain dela hilabete pasatxo jakin nuen aste honetan idaztea tokatzen zitzaidala, hilabete pasatxo gaiak pentsatzen eta burutik kentzen. Zein musika entzuten dudan diseinatzean? Ez. Diseinu on bat egiteko 10 gako? Bah! Ez zitzaidan ezer polita bururatzen. Gaur arte. Buru belarri proiektu batekin lanean ari nintzen bitartean, abesti bat entzun dut. Tango bat. Volver, Carlos Gardel-ena. Polita benetan.

20 años no es nada, esaten du estrofa batean. Eta horrek pentsatuarazi egin dit. 20 urte! Zer arituko ote nintzen egiten orain dela 2 hamarkada? Ba justu egun hauetan 20 urte egingo ditu nire diseinu ikasketak amaitu nituenetik eta itsaso zabalean bakarrik eta galduta aurkitzen nintzela konturatu nintzenetik. Ez dago ikaslerik sentimendu hori sentitu ez duenik bere ikasketak amaitzean.

20 urte hauetan zer gertatu da diseinuaren munduan? edo hobeto esanda, zer gertatu da diseinuaren munduan, nire iritziz?

Diseinu Programak

Orain dela 20 urte ez genituen gaur egungo programa asko erabiltzen. Gaur egun Adobe Illustrator erabili ordez, Aldus Freehand-ekin hasi ginen, gero Macromedia Freehand bihurtu zena. Lau gauza egin zitezkeen hasieran baina ez genuen ezer gehiago behar, lau borobil, bi hiruki, lauki bat, koloreak aldatu eta testua jarri… zertarako gehiago?

Photoshop ere bazegoen, bai. Orain dela 20 urte kontatu izan baligute gaur egun programa honekin egin daitekeena, ezingo genuke sinetsi ere. Eta zerekin egiten genituen maketazioak? QuarkXpress. Gorroto nuen programa hau, ez zitzaidan inoiz gustatu. Eskerrak InDesign agertu zen, bestela…

Pertsonak

20 urte hauetan asko aldatu da diseinatzaileen izateko era. Orain dela 20 urte, gure pasioa diseinatzea zen, gauza zentzudunak, politak. Gaur egun, diseinatzaileen ardura saltzea besterik ez da. Beraien burua eta produktuak. Branding hitzaren atzean ezkutatzen dira askotan. Baina ez dira bezeroaren aldean jartzen marka hori egitean, baizik eta bakoitzaren arrakastaren aldean. Gero egindako lana nori egin zaion erakustea da helburua, lana erakustea beharrean. Orain dela 20 urte berdin zitzaigun norentzako zen eginbeharra, egindako lana zen garrantzitsua.

Gauza asko aldatu dira 20 urte hauetan, bai. eta Gardel-en abestiak dioen bezala:

Volver
con la frente marchita
las nieves del tiempo
platearon mi sien.

Sentir
que es un soplo la vida
que veinte años no es nada
que febril la mirada
errante en las sombras
te busca y te nombra.

Vivir
con el alma aferrada
a un dulce recuerdo
que lloro otra vez.

Itzuli, beti itzuli behar gara hasierara, ez ditzagun bertan genituen beldurrak, urduritasunak eta ez jakintasuna ahaztu.

Sentitu, sentimendu politak gorde, eta itsusiak ez ahaztu. Bidea gogorra izan da batzuetan.

Bizi, zer izango zen bizitza diseinurik gabe eta zer izango ginateke diseinatzaileak bizitzarik gabe?

20 urte pasa dira, beraz, diseinatzen hasi nintzenetik, beste 20 zain dauzkat (gutxienez) bidea luzatzen joateko eta gauza berriak ikasi eta irakasteko.