2020/05/22

Bulegoa

Maiatzaren 19a, goizeko 07:00tan alarma entzun, eta dutxara joan naiz urduri. Lehen zita batek sortzen duen urduritasunaren antzeko zerbait dirudi, baina aldi berean ezberdina, oso ezberdina.

Kafe usaina sukaldean, gosaria egin, eta bazkarirako poltsa prestatu dut bitartean. Gosaltzeko, hortzak garbitzeko eta korrika batean alde egiteko 20 minutu guztira, eguneko lehen erronka lortuta 😉 .

Kotxean sartu eta denbora luze batez geldi egon den diska jarri dut martxan. Lehen segunduak entzun orduko irribarrea jarri zait ahoan. Hau guztia gertatu baino lehen zenbat aldiz pentsatuko ote nuen diska hori aldatzeko garaia bazela. Eskerrak ez nuela aldatu!

Ohiko bidea egiteari ekin diot, baina nik aldiz, ez dut ohiko bezala sentitu.

Kotxea aparkatu eta giltzak ateratzeko unea iritsi da. Bulegoko atea parez pare topatu dut eta argirik ez barruan, aulki hutsak eta gutun asko lurrean.

Une batez errealitateak gainezka egin dit eta zaila egin zait ate hori gurutzatzea. Bertan sartu eta lankideak topatu nahi nituen, hauek besarkatu eta broma txarren bat egin. Hau da, orain arte geneukan errealitate hori topatu.

Nahi, baina ezin…


Zenbat aldiz pasa ote zait burutik esaldi hori azken hilabeteetan.

Dena den, lehen zita arraro honi esker, inoiz baino argiago ikusi dut TaPuntuko errealitatea aldatu egin dela. Lankide batek orain dela bi aste esandako esaldia etorri zait burura: “gauzak ez daude berdin eta ez dira egongo”.

Ikusezina den arren, aldaketa guztien artean nagusiena, lantaldeko kideok bizitakoa izan dela badakit. Bakoitzak bere etxeko errealitateari aurrez-aurre begiratu eta egokitzeko ariketa gogorra egin behar izan dugulako. Oso errealitate ezberdinak elkarren artean, baina egoera bakoitzak eragina izan du gure lantaldeko kideengan. Ez gara berdinak eta ez gara berdinak izango.

Egunero bezala, e-posta kontua ireki eta osasun zein ekonomia alorreko neurrien inguruko postak jaso ditut, azken hilabeteetan bezala.

Baina, non ote daude alde emozionala ulertu eta hobetzeko neurriak?

Burua altxa eta guzti hau lehertu baino lehen, kristaleran egin genuen bihotza ikusi dut aurrez aurre, hain detaile txikia baina handia aldi berean.

Emozioek lekua dute gurean, eta hori esan dezaket, ez da aldatuko.

Muxu bana ekipo!