fbpx
Ekain Arostegi Melero

2020/04/24

Ainhoa, zuretzako.

Nire bikotekideak behar berezidunen eta zaharren egoitza batetan egiten du lan, eta COVID19ak eragindako egoerarekin hasi ginenean hauxe esan zidan:



“Kasu hauetan ikusten da nor jartzen den arazoaren aurrean eta begietara begiratzen dion, eta nor ezkutatzen den”

TaPunturen kasuan, begietara begiratu diogu auziari, eta ez hori bakarrik, bere talde-babespean bildu gara. Argi dago horren atzean gaudenok egoera berri honi aurre egiten ari garela, bakoitzak ahal duen heinean, batzuk aurrerago beste batzuk atzerago kokatuta. Nire kasuan atzean nagoela uste dut. Indar gutxi egin dezaket orain, ari naiz, baina ez lehenengo lerroan daudenak bezala.

Uste dut denok ditugula etxeko egoera korapilatsuak egunotan; garbi daukat nire egoera baino konplikatuagoak badaudela, baita gure taldean ere. Nire kasuan adibidez, 4 eta 2 urte dituzten haurrak eta telelana uztartzea da erronkarik handiena, bikotekidea etxetik kanpo lanean ari denean. Lerro hauek idazteko 2 egun daramatzat adibidez, eta “aita” hitza 2.000.000 bider entzun dut dagoeneko!

Ziur nago beste lantokiren batean lehen aipatutako nire bultzada arinak ondorio latzak izango lituzkeela niretzat. Baina gure taldean, ez. TaPuntun, garrantzitsua naizela sentiarazi didate, nahiz eta ezin egon %100ean lanean. TaPuntun lehenengo egunetik ulertu dute nire egoera pertsonala; bai nirea, eta baita taldea osatzen dugun guztiona ere. TaPuntun, hilabete bukaeran ez da nabari nire bultzada ahula. Nire neurrian ari naiz oraingoz, eta indar gehiagoz arituko naiz aurrerago. TaPuntun garrantzitsuenak pertsonak gara, eta egunotan sentitu dut zer den hori. Pertsonok gaude erdian.

Txikitatik esker onekoa izatea erakutsi zidatelako, MILA ESKER TAPUNTU!

Gora gu, TaPuntutarrak!