fbpx
Avatar

2020/04/03

bilerak birtualak gomendioak

Azken asteetan, Covid- 19a dela eta, ikasle zein profesional askori etxetik lan egiteko beharra (eta aukera) suertatu zaigu. Egoera honen aurrean, egokitzeko gaitasuna praktikan jarri eta ohiko lanak beste era batera egiteko gaitasuna lantzen ari gara.

Lan horien artean, bilera birtualak antolatu edo parte hartzaile gisa aritzea egongo da seguraski.

Gauzak honela, hementxe duzue bilera hauek eraginkorrak izateko baliagarriak izan daitezkeen sei gomendio:

  1. Gonbidapena:
    • Ezer baino lehen, bilera horretara batu beharreko pertsonak zeintzuk diren pentsatu eta hauei soilik bidali gonbidapena.
    • Gai zerrenda eta bestelako dokumentu osagarriak gonbidapenarekin batera bidaltzea ezinbestekoa izango da. Horri esker, partaide guztiek argi izango dute zeintzuk diren bileraren helburuak eta bertan hitz egin eta erabaki beharrekoak. Gai zerrendako atalen bat ulertzeko bestelako dokumentazio osagarria balego, gonbidapenarekin batera bidali ere. Zenbat eta argiago, hobe.
    • Gainera, bilera egiteko zein programa erabiliko dugun aipatzea beharrezkoa izango da.
  2. Espazioaren egokitzapena:
    • Bideoan agertuko den planoa ahalik eta neutroena izatea zaindu, distrazioak ekidinez.
    • Soinu eza eta argi egokia duen gela aukeratzea garrantzitsua izango da.
    • Bestetik, janzkerari dagokionez, soinurik ateratzen ez duten edo oso deigarriak izan daitezkeen bestelako osagarriak ekidin.
  3. Aurretiazko frogak hasi baino 15 minutu lehenago:
    • Egin bideo eta audioaren froga.
    • Partaideen mikrofonoak eta kamerak piztu eta itzaltzeko aukera frogatu.
    • Pantaila nola partekatu daitekeen ikusi.
    • Txata erabili ahal izateko bidea aztertu.
  4. Ongietorria eta errespetatu beharreko arauak:
    • Moderatzaileak ongietorri bat ematea garrantzitsua izango da. Gai zerrenda eta iraupena errepasatu, bileran parte hartzeko irizpideak argitu eta eskura izango ditugun baliabideen azalpena ematea garrantzitsua izango delarik.
    • Bestetik, partaideek zerbait behar duten galdetzeko tartea eskaini (behar bereziak aipatu, zalantzak argitu…).
  5. Bileran zehar moderatzaileak zaindu beharrekoak:
    • Gai zerrenda oinarri, puntuz puntu errepasatu eta atal bakoitzeko arduradunari hitza eman beharko lioke.
    • Denborak neurtu eta egokitu.
    • Partaideen hitzartzeak orekatuak direla bermatu beharko luke gainera.
    • Oharrak hartu eta grabatu: bilera birtuala izanik, oso garrantzitsua izango da pantaila begiratzen egotea, partaideei begietara begiratuz. Hori dela eta, ohar txikiak hartu eta bilera grabatzea aukera bat da. Ondoren akta sortuko du grabazioa oinarrian hartuz.
    • Atentzioa bermatu:
      • Bilera birtualetan hitzezkoa ez den komunikazioa gertutik jarraitu beharko da. Hori dela eta, kamerak piztuta egotea gomendagarria izango da.
      • Bestalde, noizbehinka partaideei galderak egitea interesgarria izango da beraien atentzioa egokia dela bermatzeko.
      • Bukatzeko, bileran bost pertsona baino gehiagoren iritzia jaso nahi bada, aurrez prestaturiko galdetegi baten esteka bidaltzea interesgarria izango da, bileran bertan emaitzak era bisual batean partekatzeko aukera izanik.
  6. Itxiera eta amaierako dokumentazioa:
    • Gai zerrendako atal guztiak jorratu ondoren, moderatzaileak itxiera eman beharko lioke bilerari, zalantzak argitu eta partaideei nola doazen galdetuz (asko badira, keinu sinple baten bidez beraien balorazioa jasoz).
    • Bukatzeko, ahalik eta azkarren bilerako akta sortu eta bidaltzea garrantzitsua litzateke.

Amaitzeko, ez ahaztu, egoera zailenetatik ikasketak ateratzeko gaitasuna dugula, beraz EZ GALDU AUKERA!