fbpx
Goretti Aranburu Epelde

2020/03/13

Birusak marrazten ditudan nire lehenengo aldia da!

Eta bururatzen zait nola, birus batek besteari egun batean esan zion, ea elkarrekin lan bat egin zezaketen, eta helburu bakarra bete bien artean.

Alboko beste batek, hauen elkarrizketa entzun ostean, berak ere parte hartuko lukeela eta, denak ados, munduan zehar lan bikaina egitera abiatu zen taldea.

Galdera ezberdinak datozkit burura.

Birusek elkarren artean hitz egingo ote dute? Edo begirada bidez komunikatzen dira? Edo mugimenduekin? Edo laztanekin? Nola antolatzen dira?
Eta izenik ba ote dute? Koronabat, Koronabi, Koronahiru, …?

Galdera garrantzitsuak dira niretzat.

Marrazten dudan bakoitzean irudiek bizitza hartzen dute. Txiki edo haundi izan, haragizko edo zementuzkoak… animismoa maite dut!

Ilustratzeak barneraino sartzea esan nahi du, sormena ez baitago azaleko uretan, sakonenetan baizik. Eta beraz, galdera garrantzitsuek bultzatuta, oso sakon igeri egiten dugu ilustratzaileok.

Eta hauxe da nire hurrengo galdera garrantzitsua. Oraintxe sareetan pil-pilean ditugun birus gaiak irakurtzean, zer da sentitzen duzuna?
Gorputzak esango dizu. Deserosotasuna? Kezka agian?

Ba nik, kezka honi begietara begiratu, eta taldean antolatu eta helburu bakarrarekin mundura zabaltzen hasi ziren birusen istorioa kontatzen diot.