2020/01/31

Betidanik izan da istorioak kontatzearen jarduera garrantzitsua jendartearentzat. Norbanakoak milaka istorio bizitzen ditugu gure baitan egunerokotasunean. Askotan, bizitzen ari garen istorio garrantzitsu batek milaka adar izan ditzake gainera, zuhaitz baten moduan, eta beraz, istorio bakoitza milaka istorioetan adarkatzen diren bizipenak direla esan genezake.

Garai batean ahoz-aho egiten zena, eta idatziz gero… gaur egun istorioak kontatzeko baliabiderik indartsuena bideogintza dela esan nezake. Errealitate bat erakusteko erabili daiteke, bihotzak biguntzeko, enpresaren lan egiteko modua adierazteko, produktuaren erabilera frogatzeko….

Bideogintza istorioak kontatzean datza. Bezeroak ematen dizkigun oinarrietatik abiatuta harilkatzen dugu istorioa, bezeroak adierazi nahi duen hori kontatzeko modu egokiena bilatzean, eta ikuslegoarentzat erakargarri egitean.

Ez baita berdina istorio alaia modu arin batean kontatzea, istorio kezkagarri bat kolore ilunekin adieraztea, edo eta istorio serio bat modu orekatuan adiraztea. Guzti hau irudia jasotzeko moduarekin, kolorearekin, musikarekin eta bideoaren erritmoarekin adieraziko dugu. Eta noski, garaiotan, sare sozialetarako bada, bideoak ezin du oso luzea izan.

Behin irudia jasotakoan istorioaren hariarekin hasiko gara josten edizioan, irudi bat bestearekin lotzean osotasuna sortzen, eraikitzen, bizipen guztiak istorio eder bat osatzerako bidean.

Horrelaxe, kontatu ditugu dendari txikien istorioak, euskararen erabilerari buruzkoak, berdintasuna ikusarazteko istorioak, haurren heziketari buruzkoak…

Ze polita den TaPuntun bideogintzan aritzen garenontzat, istorioak ikusarazi eta hauek pantailarako josi, eta bizitza ematea. Baina zalantzarik gabe, prozesu honetan ederrena da, halako istorio interesgarriak bizitzen ari zareten protagonistak aurrez-aurre ezagutzea!