TaPuntuk bederatzi urte bete ditu!
Mandobilo, mandobilo, bederatzi petalodun landare hegalaria. Badirudi etorkizunaren haizeak putz egitean aidean zaramatzala norabait. TaPuntun ere badugu sentsazio hori batzuetan.
Bederatzi aldiz erratu gara gutxienez gure hegaldian. Bederatzi aldiz aurrera ordez, atzera goazen sentsazioa izan dugu. Bederatzi izan dira bete gabeko gure ametsak. Bederatzi ufadatan iritsiko ginelakoan gelditu gara trabatuta bidean.
Orain dela bederatzi urte abiatu ginen, eta parez-pare bederatzi burudun herensugea topatu izanagatik ere, haren lagun egin gara. Bederatzi aldiz indartsuagoak izateraino orain.
Bederatzia ziklo baten amaiera baldin bada, hasiera baten lehen bulkada ere badela esan genezake.
Hasiera berri on, TaPuntukide!