2024/06/07

Puntu Soziala

Entzun audio formatuan

2015. urtean TaPuntu Kooperatiba sortu genuenetik argi geneukan gure lan jarduera garatzeaz gain, gure kooperatibaren bidez gizartean eragin nahi genuela. Helburu garbi horrekin, egitasmo propio ezberdinak pentsatu eta martxan jarri genituen. Horri esker, Nortasuna Sarean eta Puntu Soziala egitasmoak jaio ziren gurean.

Urte hauetan guztietan bi proiektu propio horiek garatzeko ilusio eta mimo handiz aritu gara lanean eta harro gaude egindako ibilbideaz.

Puntu Soziala egitasmoari dagokionez, 2016. urtean martxan jarri genuen proiektua dugu. Jakitun ginen gizartean eragin positibo bat sortzen zuten egitasmo, eragile, elkarte, erakunde… ugari zeudela eta beraien lana oso beharrezkoa zela hainbat kolektibo zaurgarrientzat. Aldiz, beraien mezua eta helburuak lortu ahal izateko, komunikazio arloa lantzea edota horretarako baliabideak bilatzea oso zaila zela haietako egitasmo askorentzat. Horren ondorioz, beraien mezu eta helburuak zabaltzea edota ahalik eta inpaktu gehien lortzea oso zaila bilakatzen zen.

Egoera horiek arintzeko eta gure aletxoa jarri nahian, 2016az geroztik, urtero Puntu Soziala egitasmoan izen ematen zuten proiektuen artean TaPuntuko lantaldeak bat aukeratu eta urtebetez gure zerbitzuak doan jasotzeko aukera lortzen zuen, nolabait beraien lana saritzeko bide gisa ulertuta.

Hauexek dira laguntza jaso duten lau proiektuak: Basherri sarea, Biak Bat, Iko Igeldoko Kooperatiba eta Biziberritu egitasmoa.

Bideo honetan ikusgai duzue eragile bakoitzarekin zehazki egindako lanaren laburpena:

Urte hauetan zehar, lana burutzeaz gain, Puntu Soziala egitasmoak proiektu eta ekintza oso interesgarri eta beharrezkoak ezagutzeko aukera oparitu digu lantalde osoari eta, bide honetan gainera, beste laguntzaile batzuen prestutasuna lortu eta elkarlanean aritzeko aukera eskaini digu. Horiei guztiei, eskerrik asko, bihotzez! Argia, Ido Hitza Argi eta PuntuEus Fundazioa, plazera izan da zuekin lan egitea!

Hau guztia azalduta, hainbeste maite dugun Puntu Soziala egitasmoari agur esan behar diogula jakinarazi nahi dizuegu gaur. Urte luzez asko eman digun arren, batzuetan aldaketak egitea beharrezkoa da, batez ere beste egitasmoei leku egin edo indartzeko. Besteak beste, Nortasuna Sarean egitasmoaren baitan martxan dugun Podkast egitasmoan indar gehiago jartzea ahalbideratuko digu eta, horregatik ere, oso pozik gaude.

Puntu Sozialari agur esango badiogu ere, argi izan TaPuntun gizartean eragiten jarraituko dugula, beste leku eta proiektu politetan murgildurik.

Adi gure sareei eta eskerrik asko, berriro, Puntu Soziala proiektuaren komunitate osoari.