2019/02/08

Esan genezake konektatutako gizarte batean bizi garela. Sareetan nabigatzen trebeak garela. Munduan han eta hemen gertatzen ari denaren jakitun garela hitz bat bilatzailean jarri hutsarekin.

Esaten da baita ere, konektatutako gizarte honetan inoiz baino deskonektatuago bizi garela, lagun talde bat elkarren ondoan bakoitza bere mugikorrari begira gaudenean.

Nik ez dut halako konexioei buruz hitz egin nahi ordea. Badagoelako beste konexio mota bat, kimu berriak ematen ari dena ondo sustraitutako zuhaitz zaharretik.

Konexio hau ondokoaren poza barne-barnean sentitzen denean ulertzen da. Aurrekoaren negarrak hotzikara eragiten dizunean. Barre algarak haiek ikutzen dituenean sentitzen dena da. Proiektu bakar batean hainbat pertsona elkartu eta indar bakarrean aurrera egiten denean sentitzen dena da. Indarra, sekulakoa. Eta ez da ikusten, sentitu egiten da.

Konexioa autobus geltokian gerta liteke, datorrenari pasatzen uzten diozunean eta hurrengoan hark uzten dizunean. Alboan bizi den hori eta zu egunero agurtzen zaretenean. Segunduko konexioak. Motzetan motzenak, luzeetan luzeenak.

Konexioa elkar zaintza da. Eta askatasuna da.

Konektatzeko eta deskonektatzeko ahalmena norbanakoaren gain dagoelako. Ez da lotura, azken hau mendekotasuna baita.

Azken boladan halako konexioak sentitzen ari naiz inguruan. Taldearen idarra. Gurpilaren funtzionamentua, bakoitzak beretik bultzatuaz. Ezin baita gurpila mugitu bakoitzak beretik ematen ez badu. Bakoitza bereaz arduratzen ez bada.

Eta ez da beti perfektua. Batzuetan gurpila azkar dabil, mantso besteetan. Egokitzen eta ikasten ari gara, uneoro. Etengabeko ikasketa dela badakigu.

Lantalde bat konektatuta dagoenean sentitzen dena sekulakoa da. Zirkuluaren indarra, deskribaezina! Eta horixe da azken boladan inguruan hazten ari den landare zahar berria.

Eta kimu asko gara!

Horretarako negarrak eta harrokeriak albo batetara uztea beharrezkoa da, harrotasunari bide emateko. Bakoitza den bezala izatearen harrotasuna, norbanakoa mosaikoaren pieza berezi bakarra izateko. Errespetua zu bezalakoa ez den harentzat eta baita zuretzat ere. Talde honetan ez baduzu lekua aurkitu, beste batean aurkituko duzula ziur, garbi izan dagokizun mosaikoa duzula zain! Eta asko poztuko gara besteok!

Gonbidatzen zaitut zure lekua bilatzeari ekin eta aurkitzera.

Eta noski ez arduratu zauden lekutik mugitzean min ematen badizu, mugimenduak bizirik zaudela adieraziko baitu. Eta ez al da hori gauzarik ederrena?