2019/02/01

Nortasuna Sarean 2019 InfluenZER?

Egunero eta uneoro korrika batean bizi naizenaren sentsazioa dut azkenaldian. Antzerki baten parte den pertsonaia baten antzera, eguneko orduak aurrera joan ahala, mila eszenatoki eta egoera ezberdin bizi behar izaten ditut maiz. Zenbaitetan datorrena argi ikus dezaket; beste batzuetan, ordea, bapatean sortzen diren egoerei aurre egiteko milaka irtenbide azkar asmatzeko abilezia barneratu dudala badakit.

Horrek guztiak bere gauza onak badituen arren (adibidez zenbait gaitasun pertsonalen garapena), bere arriskuak ere baditu. Abiadura maila hori mantentzeak, estresa eta antsietate maila altua sorrarazi ditzake, baina are eta okerragoa dena, egoera bat bizi ondoren, nigan eraginik ez izatearen arriskua ekar dezake gainera, ikasketa berri bat barneratzeko aukera guztiz galduz. Izan ere, hainbesteko informazio eta inputen artean, nire begien aurrean gertatzen ari denaren inguruan, gelditu eta hausnarketarako tarterik ez izatea dakar askotan.

Hori dela eta, noizbehinka ondo dator abiadura bizi hori gelditzeko gai izango den zerbait, norbait, entzuteko parada izatea. Bapatean zure buruan dantzan dituzun abisu eta eginbehar guzti horiek guztiz baztertu eta bizi berri duzun egoera horri esker ikastea, gelditzea, hausnartzea….

Eta nik, zer ikasi zenuen atzo?

Egoera idealena, zure buruari egunero galdera hori egin eta erantzutea litzateke, baina errealistak izanik, badakit ez duzula eta noski, ez dudala egingo.

Dena den, kasualitatez honen inguruan pentsaraztea eragin zidan egoera bat suertatu zitzaidan orain dela bi egun:

Zehazki,  Nortasuna Sarean jardunaldian  ondoko esaldia entzun nion Burutü Komunikazio eta publizitate Agentziako Josu Bergarari:

“Burutün, beste batzuek egiten dutenetik bereizten saiatzen gera, emaitza ezberdinak lortu ahal izateko.” 

Bertan zeuden beste pertsona batzuek, esaldia entzun eta aurrera egin bazuten ere, une horretan nire aurrean nuen guztia desagertu eta ideia horren inguruan hausnartzeko aukera suertatu zitzaidan. Prest ote gaude marketin alorrean hori egiteko? Mugak gainditu eta ezezaguna den horri aurre egiteko? Besteek egiten ez duten hori asmatu eta eduki hori argitaratzeko? Agian, hortxe dago koxka!

Marketin esparrutik haratago, bizitzako arlo ezberdinetan kontutan izango dudan ikasketa izango dela badakit, baina horretarako ausardia eta sormena aldeko izatea komeni!

Eta zuk, muga horiek gainditu nahi?

Bide batez, mila mila esker Josu, ikasteko, gelditzeko eta hausnartzeko parada eskaintzeagatik!