Bilaketa komandoak Google-en. Zaintza teknologikoa

Bilaketa aurreratuak interneten

2019/01/25

Modu batean edo bestean, pertsona gehienok erabiltzen dugu sarea informazioa bilatzeko. Dela lanpostu bat, dela lanerako behar dugun baliabide bat, dela gure inguruan diotena, dela zalantza tekniko bat edota dirulaguntza bat. Hainbat kasutan, gainera, bilaketa hori modu puntual batean egin beharrean, modu iraunkorrean emaitza berriak jasotzea interesgarria izan daiteke.

“Gaur egin dudan bilaketan ez dut kontratazio berrien inguruko dirulaguntzarik topatu. Eta dirulaguntza interesgarri baten inguruko informazioa bihar goizean argitaratzen badute, nola jakingo dut honen berri?”

Aurreratzen dizut posible dela dirulaguntza horren berri zuzenean jasotzea, sarean argitaratu bezain pronto, eta lan gehiegi egin gabe, gainera. Aurrerago azalduko dizut nola.

Hainbatetan eman izan ditugu gai honen inguruko ikastaroak tapuntutarrok eta gaurkoan ikastaro hauetan sakonago garatzen ditugun gako nagusiak azalduko dizkizuet.

Zaintza teknologikoa, guztion eskura dagoen lanabesa

Hainbatetan hitz egin dugu zaintza teknologikoaren inguruan martxan atal honetan. Gaurkoaren osagarri dira, esate baterako, Twitter, RSS teknologia eta Google Alerts-en inguruan idatzi genuena edota Google Trends, Linkedin eta Pocket-en ingurukoa.

Zaintza teknologikoa: ez zaitez atzean geratu!

Zaintza teknologikoa

Interesatzen zaigun informazioa modu iraunkor eta automatikoan, ongi filtratuta jasotzeko balio duen prozesu bat da, eta infografia honetan aipatzen ditugun pausoetan datza:

Infografia: Zaintza Teknologikoaren prozesua

Pauso bakoitza, labur azalduta:

  1. IDENTIFIKATU: ahal bezainbeste xehetasunez definituko dugu jaso nahi dugun informazio mota. Bat baino gehiago ere izan litezke. Esate baterako, “Gipuzkoan enpresa berriak sortzeko dirulaguntzen inguruko informazioa” edota “lanpostu bat Oarsoaldean taberna bateko zerbitzari gisa, kontratupean”.
  2. BILATU: lehen puntuan zehaztutako informazio mota bakoitza interneten non agertu daitekeen begiratu beharko dugu. Alegia, informazio iturri zehatzak zerrendatu beharko ditugu informazio mota bakoitzarentzat.
  3. PROZESATU: informazioa uneoro jasotzea denez ideia, ikusi beharko dugu iturri bakoitzeko informazioa biltzeko modu automatizaturik badagoen. Hainbat aukera ezberdin daude honetarako:
    • Webguneek batzuetan dituzten harpidetza sistema espezifikoak erabiltzea.
    • RSS jarioak.
    • Sare sozialetan jarraitzea.
    • Hurrengo puntuan azalduko ditugun bilaketa aurreratuak egitea eta alerta modura automatizatzea.
  4. ZABALDU: bilatzen ari garen informazioaren arabera, posible da hau zabaltzeko beharra izatea. Adibidez, bilatzen ari garen informazioa gure enpresan garatzen ari garen teknologia baten ingurukoa bada, interesgarria izan daiteke beste lankide batzuei informazio baliagarri hau helarazteko bideak finkatzea.
  5. ERABILI: erabiltzea, azken finean, lehen puntuan identifikatutakoarekin dago lotuta. Pentsatu beharko dugu zein denbora eskainiko diogun zaintza teknologikoa egiteari, nola sailkatuko dugun topatutako informazioa… Beraz, kalitatezko informazioa erabakiak hartzeko baliatuko dugu.
  6. BABESTU: kasu batzuetan, topatutako informazioa babesteko beharra egongo da. Adibidez, informazio konfidentziala bada, edota datu pertsonalak badaude tarteko. Garrantzitsua izango da hauek babesteko neurriak hartzea.

Prozesua abian jartzea erabakiz gero, garrantzitsua da pauso bakoitza garatzen zaudenean hurrengoan ez pentsatzen egotea. Gainera, kontutan hartu infografiako prozesua ez dela inoiz geratzen: akaso identifikatutako informazioa gehiago zehaztu nahiko dugu uneren batean, hau bilatzeko iturri berriak gomendatuko dizkigute, etabar.

Bilaketa aurreratuak egiteko komandoak

Zaintza teknologikoaren prozesuko puntu konplexuena prozesatzea izan ohi da. Informazioa bilatu nahi dugun webguneak ez badu jasoketa sistematizatzeko modurik, edota informazioa zein ataritan agertuko den ez badakigu, gehiago edo gutxiago gustatu, Google bilatzailea lagungarria izan daiteke. Eta, batez ere, bilaketa aurreratuak egiteko komandoak erabiltzen baditugu. Komando hauek erabiliz oso bilaketa zehatzak egiteko aukera izango dugu:

  • Komatxoak: komatxo artean idazten dugun hori bere horretan agertuko da emaitzetan. Baliagarria da enpresa izenak, kode zehatzak, programen izenak… bilatzeko. Adibidez: “Gipuzkoako Foru Aldundia”
  • Gehi zeinua: hitz zehatz hori emaitzetan derrigorrez agertuko da. Adibidez: kontratazio dirulaguntza +Bizkaia
  • Ken zeinua: hitz zehatz bat agertzen den emaitzak kenduko ditugu. Adibidez: tabernari lana -autonomoa
  • Barra bertikala: “edo” hitzaren baliokidea da. Alegia, bilaketan hainbat aukera eman nahi baditugu erabiliko dugu. Adibidez: autocad ikastaroa Baiona|Hendaia
  • site: komandoa: webgune baten baitan bilaketak egiteko balio digu. Adibidez: site:berria.eus handia filma
  • filetype: komandoa: bilatzaileetan dokumentuak bilatzeko aukera dugu. Abididez: filetype:pdf sare sozialak

Gainera, aipatu komandoak beraien artean nahieran konbinatu daitezke, oso bilaketa konplexu eta zehatzak egiteko moduan.

Nola jaso bilaketen emaitzak modu iraunkorrean

Bilaketa honen emaitzak denboran zehar modu automatikoan jaso nahi dituzu? Google Alerts erabili dezakegu horretarako. Egin nahi dugun bilaketa bertan idatzi eta posta elektronikoz edo RSS bidez jaso ditzakegu egindako bilaketak denboran zehar emango dituen emaitza berriak, modu automatizatuan.

Argazkia: Warren Wong

Partekatu: