Zaintza teknologikoa: ez zaitez atzean geratu!

2017/03/24

Profesionalki sektore guztiek dituzte berrikuntzak eta ez badugu atzean geratu nahi, eguneratuta bizi beharko genuke!

Sarean informazio ugari topa dezakegula badakigu, hori dela eta,  fidagarriak diren informazio iturriak identifikatu eta aztertzen ikasi beharko genuke lehenik eta behin. Azterketa egin ondoren, informazio zehatz hori bilatu beharko da, sailkatu eta balioztatzeko. Emaitza horietan oinarrituz, zabaldu edota erabili ahal izango dugu. Azken finean, informazio egokia lortzea da helburu nagusia, behar den momentuan eta behar duenarentzat.

Gaurko sarreran, zaintza teknologikorako erabili ditzakegun hiru tresna aukeratu eta aipatuko ditugu, dena den milaka tresna erabilgarri daude sarean. Bestetik, gure blogeko aurreko sarrera batean ere, Twitter, RSS teknologia eta Google Alerts-eri buruz aritu ginen gogoratzea egokia iruditzen zaigu.

ZAINTZA TEKNOLOGIKORAKO HIRU TRESNA GOMENDAGARRI
  • Google Trends

    Google-en bilaketetan joerak aztertzen dituen tresna da Google Trends. Hitz gako ezberdinak aztertu eta konparatu ahal izango ditugu tresna honen bidez, Google-en erabiltzaileen joerak ezagutu eta modu grafikoan ikusi ahal izateko. Terminu ezberdinak, denboran zehar aztertu daitezkeenez, epe zehatz horretan agertu diren albisteak ere ikusi ahal izango ditugu, joera horiek ulertzeko helburuarekin. SEO posizionamendurako, edo kanpaina bat egiteko orduan erabakiak hartzeko, erabili ahal izango ditugu Google Trends-i esker ateratako ondorioak.

  • LinkedIn

    Sare sozial profesional erabiliena da LinkedIn. Sare sozial oro bezala, komunitate bat sortzea ahalbideratzen du, enpresa eta langileen komunitatea alegia. Pertsona bezala, gure profila sor dezakegu bertan eta gure ibilbide profesionalean gurekin zerikusia izan duen ororekin konektatzeko aukera izango dugu bertan. Profil batek, Facebook-en bezala, enpresa orrialde bat sor dezake ere, e-posta profesionalarekin. Modu honetan, enpresek badute bere lekua sare sozial honetan, eta jarraitzaileak izatera irits daitezke. Argitalpen profesionalak egin ahal izango dituzte beren orrialdean eta jarraitzaileei nahi duten hori eskainiz: lan eskaintzak, sektoreko berrikuntzak, produktu edota zerbitzu berrienak… LinkedInen, taldeak daude ere, sektore edo arlo berdineko profesionalen bilgunea osatzeko aukera, alegia.

  • Pocket

    Read it later bezala ezaguna zen aplikazioa hau, eta nahiz eta mugikorretan batez ere erabili, ordenagailuan ere erabili daiteke. Internet bidez askotan informazio ugari jasotzen dugu eta momentuan ezin diogu denbora eskaini hauek irakurtzeari. Tresna honen bitartez geroago irakurtzeko gorde eta sailkatu dezakegu, hots, poltsikoan gorde gerorako informazioa. Erraza, sinplea eta erabilgarria!

 

Profesional orok bere sektoreko berritasunei adi egon beharko lukeela argi dago, eta hainbat sare izan daitezkeela helburu hau lortzeko tresna egokiak baita ere. Gai honen harira,  TaPuntun apirilaren 19rako ikastaro ireki bat antolatu dugu, zaintza teknologikoa egiteko tresna ezberdinak azaltzeko helburuz. Interesgarria iruditzen zaizu? Euskaraz edo gazteleraz izan daiteke eta goizez (9:00-13:00) edo arratsaldez (16:00-20:00). Egin zure aukera!

Gehiago jakin nahi? Eman izena ikastaroan!

 

Partekatu: