Mikel Olaiz Garmendia

2017/03/03

SEO negatiboa

Orain aste gutxi Linkbuildingaren inguruan aritu ginen martxan atal honetan. Bertan, web-orriak ongi posizionatzeko garaian, gakoetako bat hauen artean kalitatezko loturak sortzea dela ikusi genuen.

Gaiaren inguruan gehiago ikasteko asmoz, Enpresa Digitalak antolaturiko SEO negatiboaren inguruko jardunaldian egon ginen orain egun gutxi, etengabe ikaskuntza beharrezkoa dela uste baitugu. Kasu honetan, Mondragon Unibertsitateko irakasle den Fernando Maciá izan zen jardunaldiaren gidaria.

Zer da SEO negatiboa?

SEO negatiboa esaten zaio praktika kaltegarri horiek nahita beste web-orri baten posizionamendua kaltetzeko erabiltzeari.

Badaude praktika batzuk SEO-an kaltegarriak direnak. Esate baterako, kalitate baxuko web-orrietan gure web-orrira loturak egotea edota sarean guk sortutako edukia bikoiztuta agertzea.

 

Zeintzuk dira SEO negatiboa eragiteko taktika erabilienak?

  • Web-orrien oinetan errepikatzen diren loturak.
  • Elkarren artean zerikusirik ez duten loturak zerrendetan multzokatzea.
  • Testuinguruarekin harremanik ez duten loturak txertatzea.
  • Kodean modu ezkutuan loturak txertatzea.
  • Denbora tarte txiki batean web-orrira dauden loturak nabarmen areagotzea.

Dena ez da SEO negatiboa. Askotan, iraganeko linkbuilding taktika desegokiak dira arazoaren iturburu.

Nola aztertu dezakegu SEO negatiboa jasaten ari garen? Eta, hala izanez gero, nola desagertarazi dezakegu hau?

Bost pauso nagusi eman beharko genituzke SEO negatiboa jasaten ari garen aztertu eta, hala bada, hau desagertarazteko:

  1. Gure web-orrira bideratzen duten ahalik eta lotura gehien detektatu. Horretarako, hainbat tresna erabil ditzakegu. Adibidez: Google Search Console, Majestic, MOZ OpenSiteExplorer, SEMRush, Sistrix, Ahrefs…
  2. Loturen zerrenda aztertu eta susmagarriak topatu. Lotura hauen artean kalitate gutxikoak topatu beharko ditugu: asko errepikatzen direnak, zerrendetan agertzen direnak, footer edo sidebar ataletan kokatuta daudenak, susmagarriak diren domeinuetan agertzen direnak…
  3. Lotura susmagarriak ezabatu edo zuzendu ditzakegun aztertu. Iraganean guk beste blog edo web-orrietan txertatutako lotura kaltegarriak badaude, zuzendu ditzakegu. Eta, aldiz, beste batzuek sorturikoak badira, hauek ezabatu edo zuzendu ditzatela eska diezaiekegu.
  4. Ezin baditugu ezabatu edo zuzendu, lotura susmagarriak disavow fitxategira gehitu. Fitxategi honetan domeinu susmagarriak zerrendatuko ditugu eta Google-i gure posizionamenduaren kalkuluan hauek kontuan ez hartzea eskatuko diogu.
  5. Google-ek “eskuzko akzio” (manual action) bat egin badu, zuzendu dezala eskatu. Bilatzaileak noizbehinka abisu bat bidal diezaguke, SEO negatiboa dugula adieraziz. Kasu horietan, lotura susmagarriak zuzendu ondoren, Google Search Console tresnaren bidez egin beharko dugu hau kontuan ez hartzeko eskaera, zuzenketa egiteko eman ditugun pausoak ahalik eta xehetasun gehienekin azalduz.

Disavow fitxategia

Disavow fitxategiaren helburua bilatzaileei gure web-orrira lotura kaltegarriak egiten dituzten domeinuen zerrenda bidaltzea da. Behin fitxategi hau sortuta, Google-i helarazi diezaiokegu Google Disavow Tool tresnaren bidez. Behin hau bidalita, bertan jasotako loturek ez dute gure posizionamenduan eraginik izango.

Lehen aldian lan neketsu bat izan daitekeen arren, oso gomendagarria da SEO negatiboaren iraganeko azterketa egin eta hileroko maiztasunarekin pauso hauek errepikatzea, gure posizionamendu kuttuna zaintzeko.