Mikel Olaiz Garmendia

2017/02/10

Linkbuilding

Etengabeko formazioa ezinbestekoa da edozein arlotan eta, batez ere, gurea bezalako alor aldakorretan. Hori dela eta, orain egun gutxi Enpresa Digitalak antolaturiko Linkbuilding-aren inguruko jardunaldi batean egon ginen. Mondragon Unibertsitateko Jesus Lizarraga irakaslea izan zen hizlaria.

Ezer baino lehen, zer da Linkbuilding-a?

Marketing digitalaren baitan dagoen estrategia bat da, web-orrien arteko loturetan oinarritzen dena. Interneteko edukia aurkitzeko, ezinbestekoak dira bilatzaileak eta hauek funtzionatzeko modu berezi bat dute. Sarean dagoen informazioa eta edukiak zerrendatzen dituzte, ondoren erabiltzaileek hau modu errazean bilatu ahal izateko. Horretarako, bilatzaileetako robotek existitzen diren web-orriak bisitatzen dituzte banaka eta beste web-orri batzuetara salto egin, topatzen dituzten loturak jarraituz. Hori dela eta, garrantzitsua da bilatzaileetan posizionatu nahi dugun web-orriak loturak izatea eta, are gehiago, web-orri horretara eramaten duten loturak egotea beste batzuetan.

Diotenez, Google bilatzailearen datu baseek 100.000 Tb-eko espazioa okupatzen dute.

Beraz, web-orrira eramaten duten loturak lortzea nahikoa al da?

Ez da nahikoa. Hori baino lehen, web-orriak On-page SEO baldintzak bete beharko lituzke, alegia, bere egiturari eragiten diotenak. Beste batzuen artean:

  • Web-orriak egitura egokia izatea
  • Hitz gako egokiak erabakitzea
  • Hitz gako horiek izenburu, deskribapen eta URL-etan erabiltzea
  • HTML kodeko izenburuetan h1-h6 etiketak modu egokian erabiltzea
  • Irudietan ALT atributua erabiltzea
  • Web-orria azkar kargatzea (gehienez hiru segundutan)
  • Gehienez hiru klik eginez web-orriko eduki esanguratsuenak topatu ahal izatea
  • Bikoiztutako edukia ekiditea
  • Erabiltzen dugun zerbitzaria egonkorra eta kalitatezkoa izatea
  • Web-orria gailu tamaina ezberdinetara ongi egokitzea (Responsive Design)
  • Eduki berria txertatzea

Eta ondoren, zer egin beharko litzateke?

On-page SEO baldintzak txukun jarri ostean, Off-page SEO faktoreak lantzen has daiteke, alegia, gure web-orritik at daudenak. Hemen kokatzen da, beste batzuen artean, Linkbuilding estrategia.

Linkbuilding on bat egiteko, kalitatezko loturak lortzea da gakoa. Honakoak har ditzakegu kontuan:

  • Oinarrizko backlink batzuk izatea ia ezinbestekoa da. Adibidez, Linkedin eta Google My Business zerbitzuetan enpresaren orria sortu eta bertan web-orrira lotura gehitzea.
  • Kasuan kasu, sare sozialetako estrategiaren baitan, garrantzitsua da sare sozialak modu profesionalean erabili eta posizionatu nahi dugun edukira loturak txertatzea.
  • Lantzen ari garen sektorean erreferentziazkoak diren web-orriak identifikatu eta hauetan gure web-orriko edukira loturak lortzea.
  • Komunikabideetan guri buruz hitz egiten denean, gure web-orrira esteka jartzea eska dezakegu.

Egin daitezkeen lanen zerrenda ia amaigabea den arren, helburu txikiak zehaztuz eta hauek gauzatuz, web-orria bilatzaileetan hobeto kokatzea lortuko dugu pixkanaka. Ezinbestekoa izango da, era berean, hasierako egoeraren eta Linkbuilding ekintzak gauzatu ondoren posizionamenduan eman diren aldaketak neurtzea.

Helburua ez da gure loturek itxura naturala izatea, naturalak izatea baizik