Blogs

Bezero arreta digitala

Bezero arreta digitala, nola?

Azken aldian askotan eta askori entzun izango zenion dena digitalizatu omen dela. Zoritxarrez edo zorionez, egia izan daitekeela uste dugu TaPuntun. Izan ere, goizean goiz iratzargailua entzun eta martxan jarri orduko, egunean zehar tresna digitalez inguratuta gaudela konturatzen gara, aisialdi zein lan esparruan zabalduriko fenomenoa dela argi izanik.

Gauzak honela, enpresa baten kudeaketaren ardura baduzu, zure bezeroa digitala dela ulertzeak berebiziko garrantzia izan dezake lehiakorra izaten jarraitu ahal izateko. Horretarako, zure bezeroa aztertu eta bere beharretara egokitzeko erronka izango duzu aurretik, bezero arreta digitala aurrera eramateko tresna zein teknika ezberdinak ezagutu eta kontrolpean edukitzea gomendagarria izanik.

DIGITALIZAZIO PROZESU BATEN 5 GAKO NAGUSIAK

Dena den, inongo zentzurik gabe digitalizazio prozesu bat martxan jarri baino lehen, hementxe uzten dizkizugu kontutan hartu beharreko oinarrizko gakoak:

  1. Bezero arreta digitala aurrera eramateko tresnetan pentsatzen hasi baino lehen, proiektuaren parte diren langileengan eta negozioaren eraldaketan pentsatzea hobe (beraien oinarrizko ezagutzak neurtu, formazio beharrak identifikatu, egiteko modu berritzaileak bilatzen saiatu…). Hauei esker, benetako digitalizazioa lortuko baitugu.
  2. Denbora bat eskatuko digun prozesu bat dela argi izan beharko genuke hasieratik. Gutxinaka gutxinaka helburu txikiak finkatu eta hauek lortzeko pausuak eman ondoren, emaitzak iritsiko direla presente izanik.
  3. Enpresako zuzendaritzatik hasita, azken kolaboratzaile zein laguntzailera arte, digitalizazioan sinetsi eta honengatik apustu egin beharko genuke. Aurrera eramango diren ekintzak pentsatu eta, hauei indarra emateko, irudi bateratu eta koherente bat eskaini.
  4. Azkartasuna eta berrikuntza landu eta barneratzen ikasi beharko luke erakundeak. Abiadura handiz eraldatu eta berritzen den digitalizazioak hori eskatuko baitigu.
  5. Inongo zentzurik gabe ekintzak burutzen hasi baino lehen, estrategia bat abian jarri beharko genuke, enpresa eta bertako bezeroen ezaugarriak oinarri izanik. Horretarako, askotan kanpo laguntza egokia izaten da.

Gomendio hauek ulertu bai, baina nondik hasi argi ez baduzu, TaPuntuk honen inguruko lau orduko ikastaro ireki bat antolatu duela jakinarazi nahi dizugu.

Datari dagokionez, 2018ko irailaren 12an (asteazkena) emango dugu ikastaroa, 09:30etatik 13:30etara edota 16:00etatik 20:00etara (izena emateko garaian ordutegia eta hizkuntza aukeratu ahal izango dituzu). Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunean izango da eta, nola ez, talde txikitan, modu teoriko-praktikoan eta giro onean, beti bezala!

Irailaren 9a da izena emateko azken eguna. Informazio gehiago jasotzeko, sartu ikastaroaren informazio guztia jasotzen duen fitxan.

ZURE NEGOZIOA DIGITALIZATZEN HASTEKO PREST?

Partekatu: