Ainhoa Iribar Lizeaga

2022/02/18

lantalde

Bere garaian esparru profesionalari esker ezaguturiko pertsona batekin elkarrizketa interesgarri bat izan nuen orain dela bi hilabete inguru. Bilera luze baten ondoren, bost minutuko tartea hartu genuen zer moduz ginen elkarri galdetzeko.

Lanari esker ezagutu genuen elkar eta ordutik hona proiektu ezberdinetan topo egin dugu. Eta denboraren poderioz harreman pertsonal bat elikatzeko aukera izan dugu. Eskerrak lan esparruak horrelako pertsonak oparitzen dizkigula!

Pentsa dezakezun moduan, bilera ondoren aurreikusi genituen bost minutu horiek azkenean luzatu egin ziren, gure bazkaltzeko tartea murriztuz. Hala ere zein beharrezkoak diren tartetxo horiek noizbehinka hartzea.

“Zer moduz zaude?” galdera horrekin hasi eta zerikusi handia ez zuen hausnarketa batetara iritsi ginen orduan:

Enpresen arteko harremanak profesionalak izan behar dutela saldu izan digute maiz, non bertan parte hartzen duten pertsonek zeresan gutxi duten. Are gehiago, pertsona baino, zenbaki bat garela entzutera iritsi izan gara noizbait.

Duela bi hilabete inguruko elkarrizketa horretan ordea, guk hausnarketa hori hankaz gora jarri genuen.

Lan esparruan enpresa edo eragile batekin gustura egon baino, lan egiteko garaian enpresa horretako kide edo pertsona zehatzekin lan egitean gustura edo ez egon gaitezkeela ondorioztatzera iritsi ginen.

Guri behintzat ez digute ziririk sartuko. Zenbakiek garrantzia dutela badakigu, noski, baina ez ordea enpresa bateko pertsonek baino gehiago.

Eskerrik asko lagun eta jarrai dezagun elkar zaintzen, profesional eta fin.

Irudia: IDo photography