Lore Zubizarreta Uranga

2022/01/21

Entzun audio formatuan

Orain dela urtebete inguru fakturazio sistema berri bat indarrean jarriko zela irakurri nuen albistegietan, eta etorkizunean fakturazio sistema horretan egotea derrigorrezkoa izango zela.

Jarduera ekonomiko bat egiten dugun pertsona fisiko eta juridiko guztiek erabili beharko dugun sistema bat dela kontuan hartuta, honen inguruan solastea interesgarria izan zitekeela iruditu zait, beraz, hementxe honen inguruko puntu garrantzitsuenak:

  • Zer da TicketBai?

Ogasunak ezarritako lege eta teknikak betetzeko bideratu duten fakturazio software bat da.

Sistema berri honekin zergadunok jarduera ekonomikotik izan ditugun diru sarrerak kontrolatzea du helburu, eta, informazio-datu horiek zuzenean foru ogasunei helaraztea.

  • Nola funtzionatzen du?

Software bat izanik, fakturazio programa desberdinak egokitu beharko ditugu. Faktura bat egin aurretik jarduera kontrolatzeko behar den zerga informazio osoa duen fitxategi bat sortuko litzateke. Behin faktura eginda, fitxategia ogasun bakoitzari bidaliko zaio automatikoki. Fakturan, bezeroak ikusi ahal izango du TBAI erabiltzen ari dela. Izan ere, kode berezi bat eta QR kode bat agertuko dira, faktura ondo eginda dagoela egiaztatzeko behar den informazioarekin.

  • Programak bete beharreko derrigorrezko datuak

TBAIren bidez fakturak “sarean” geratzen dira, eta elektronikoki sinatuko dira; horri esker, haiek  manipulatzea edo ezabatzea saihesten da.  Horren bidez, ziurtatuta geldituko dira erregistroak eta, behin fakturak eginda, haiek ezingo dira manipulatu edo ezabatu.

Gainera, programak beharrezko datu guztiekin sortuko du faktura, eta bi eremu berri aurkituko ditugu: TBAI identifikazio kode bat eta QR kode bat.

  • Epeak errespetatu

Ogasunek beraien online plataformetan ezarri dituzten epeak begiratu eta errespetatu beharko ditugu. Horretarako, eskuragarri jarri duten TicketBai egutegia-ri errepasotxo bat ematea gomendatzen dizuet. Bertan enpresa jardueraren arabera borondatezko aldia eta nahitaezko aldia zehaztuta baitaude.

  • Kenkariak kuotan

Seguru aski software berri hau ezartzeak inbertsio-gastu bat suposa dakiguke eta, horregatik, kenkari moduan ogasunak aldi baterako zerga pizgarriak jasotzeko aukera ematen digu.

– % 30eko kenkaria kuotan.

– % 60eko kenkaria kuotan TicketBAI betebeharra derrigorrezko data baino gutxienez hilabete bat lehenago betetzeagatik.

Informazio zabalagoa aurkitu dezakezue honen inguruan ogasunaren webgunean.

  • FakturaBAI: Doako sistema

Gipuzkoako Foru Aldundiak TicketBAI sistemaren baldintzak betetzen dituzten fakturak jaulkitzeko Gipuzkoako pertsona eta erakundeen eskura jartzen duen doako web aplikazioa da.

FakturaBAI web-aplikazioak Gipuzkoako egoitza elektronikotik TicketBAI baldintzak betez fakturak jaulkitzeko aukera ematen digu. FakturaBAI-rekin fakturak sor ditzakegu PDF formatuan, QR kodea eta TicketBAI identifikatzailea barne.

Aipatutakoa lagungarri izan zaizuelakoan, beste bat arte! 🙂