Mikel Olaiz Garmendia

2022/01/28

Irudien erabilera egileen eskubideak urratu gabe

Entzun audio formatuan

Urrun geratu zaizkit nerabe garaiak. Eskolako lanak janzteko irudi bila liburutegira joaten ginen orduan: entziklopedia arakatu, gogoko irudiaren fotokopia atera, eskuz egindako lanean kolaz itsatsi… eta lana prest! Hori kasu onenean; baziren orria moztu eta bere horretan etxera eramaten zutenak ere.

Denbora gutxi pasa da ordutik (hori da nire irudipena, gutxienez), baina erabat aldatu dira gauzak. Gure lan, aurkezpen, blogeko sarrera eta abarrak janzteko irudiak behar ditugunok eskura ditugu milaka irudi eta oso erraza da hauek erabiltzea. Baina erreparatzen al diegu argazki hori atera edo irudi hori sortu duen egilearen eskubideei?

IRUDI BAT LEGALKI ERABILTZEKO BALDINTZA

Irudi bat egilearen eskubideak urratu gabe erabiltzeko baldintza lizentzia eskuratzea da. Ezer baino lehen, beharrezkoa da lizentzia hitzak gai honetan hartzen duen esanahia ulertzea. Sinple esanda, erabilera legal bat emateko aukera gisa ulertu behar dugu.

Askotariko lizentziak topatuko ditugu, baina denek esplizituki jasoko dituzte honen erabilerarako baimen zehatzak; hau da, zer egin dezakegun haiekin eta zer ez.

Beste kontu bat da dirua. Lizentziak doakoak edo ordaintzekoak izan daitezke. Hala ere, bi kasuetan egileak zehazten du bere irudia legalki erreproduzitu edo zabaltzeko ze eskubide liberatu nahi dituen.

Irudien erabilera legalaren inguruko ideia nagusia da irudi bat ez duzula inoiz eskuratzen (ordainduta, edo ez), eskuratzen duzuna erabilera jakin bat emateko lizentzia dela baizik. Doakotasuna ez da eskubiderik ezarekin lotu behar.

CREATIVE COMMONS LIZENTZIAK

Creative Commons lizentzien bidez egileek irudiak modu librean erabiltzeko moduan zabaldu ditzakete, baina eurek aukeratutako egile-eskubideak mantenduz.

Lizentzia mota ezberdinen inguruko informazioa haien webgunean topatuko duzun arren, jarraian labur azalduta.

Hasteko, baldintzak ezagutzea komeni da:

AITORTZA (BY)
Obra kopiatu, banatu, erakutsi edo aurkeztu (antzezlan bat antzeztu, abesti bat jo…) daiteke, eta baita honen deribazio ezberdinak sortu ere. Beti ere, egileak edo lizentzia duenak eskatutako moduan aipatzen bada.

EZ KOMERTZIALA (NC)
Obra kopiatu, banatu, erakutsi edo aurkeztu daiteke, eta baita honen deribazio ezberdinak sortu ere. Beti ere, helburu komertzialik ez dagoen kasuetan.

LAN ERATORRIRIK GABE (ND)
Obra kopiatu, banatu, erakutsi edo aurkeztu daiteke, baina ez da honen deribaziorik sortzeko aukerarik izango.

PARTEKATU BERDIN (SA)
Obraren deribazioak zabaltzeko aukera dago, baina jatorrizkoaren lizentzia bera erabiliz.


Lizentzia ezberdinak ditugu eskura, goiko baldintzak elkarren artean konbinatzen dituztenak:

AITORTU (CC BY)
Lizentzia duen pertsonak obra kopiatu, banatu, erakutsi edo aurkeztu dezake, eta baita honen deribazio ezberdinak sortu ere. Helburu komertziala ere eman diezaioke. Beti ere, egileak edo lizentzia duenak eskatutako moduan aipatzen badu.

AITORTU – PARTEKATU BERDIN (CC BY-SA)
Lizentzia duen pertsonak obra kopiatu, banatu, erakutsi edo aurkeztu dezake, eta baita honen deribazio ezberdinak sortu ere. Helburu komertziala ere eman diezaioke. Beti ere, egileak edo lizentzia duenak eskatutako moduan aipatzen badu. Obraren deribazioak zabaltzeko aukera dago, baina jatorrizkoaren lizentzia bera erabiliz.

AITORTU – LAN ERATORRIRIK GABE (CC BY-ND)
Lizentzia duen pertsonak obra kopiatu, banatu, erakutsi edo aurkeztu dezake. Helburu komertziala ere eman diezaioke. Beti ere, egileak edo lizentzia duenak eskatutako moduan aipatzen bada. Ez da honen deribaziorik sortzeko aukerarik izango.

AITORTU – EZ KOMERTZIALA (CC BY-NC)
Lizentzia duen pertsonak obra kopiatu, banatu, erakutsi edo aurkeztu dezake, eta baita honen deribazio ezberdinak sortu ere. Beti ere, egileak edo lizentzia duenak eskatutako moduan aipatzen bada, helburu komertzialik ez dagoen kasuetan.

AITORTU – EZ KOMERTZIALA – PARTEKATU BERDIN (CC BY-NC-SA)
Lizentzia duen pertsonak obra kopiatu, banatu, erakutsi edo aurkeztu dezake. Beti ere, egileak edo lizentzia duenak eskatutako moduan aipatzen bada. Obraren deribazioak zabaltzeko aukera dago, baina jatorrizkoaren lizentzia bera erabiliz.

AITORTU – EZ KOMERTZIALA – LAN ERATORRIRIK GABE (CC BY-NC-ND)
Lizentzia duen pertsonak obra kopiatu, banatu, erakutsi edo aurkeztu dezake. Ez da deribaziorik ezta helburu komertzialik ere baimentzen. Beti ere, egileak edo lizentzia duenak eskatutako moduan aipatzen badu.

CCO LIZENTZIA UNIBERTSALA

Azken urteetan Creative Commons lizentzia berri bat sortu da, CC0 unibertsala izenekoa. Lizentzia honek irudi bat domeinu publikoko gisa erabiltzeko aukera ematen du.

Kasu honetan, ez da beharrezkoa irudia erabiltzean egilearen izena aipatzea. Dena den, kasu batzuetan hau herrialdeko jabetza intelektualaren inguruko legediaren aurkakoa da. Kasu horietan, beharrezkoa izango da egiletza aipatzea.

DOMEINU PUBLIKOKO IRUDIAK

Domeinu publikoko gisa sailkatzen dira haien erabilerarako inolako baldintzarik ez duten irudiak. Hau gertatzeko arrazoi ohikoena egilearen heriotzatik urte kopuru bat pasa izana izaten da. Post Mortem Auctoris (p.m.a.) esaten zaio epe honi. Herrialdearen arabera, urte kopuru hau ezberdina izaten da. Guri eragiten digun legediari dagokionean:

  • Espainian, 80 urte igaro behar dira egilearen heriotzatik bere lanak domeinu publikora pasatzeko, 1987 urtea baino lehen hildakoen kasuan. Aldiz, 1988tik aurrera hil(ko) direnen kasuan, 70 urte igaro behar dira.
  • Frantzian, 70 urte igaro behar dira egilearen heriotzatik bere lanak modu librean erabili ahal izateko.

Helbide honetan topatu daiteke beste herrialdeetako kasuistika.

Kasu honetan ere, garrantzitsua da jakitea eskubide patrimonialak direla amaitzen direnak; aldiz, eskubide moralak bere horretan mantentzen dira betirako eta, beraz, egiletza beti mantentzen da.


Hurrengo sarrera batean doako irudi-banku eta errepositorioen inguruan hitz egingo dizuet. Behin lizentzien gaia menperatuta, eta daukagun behar zehatza identifikatuta, garrantzitsua izango da irudiak non topatu jakitea.

Argazkia: Shubh karman Singh