2022/06/03

Entzun audio formatuan

Garaiak aldatuz doaz eta, nahiz eta beste lehiakideen aurretik egon, beti pentsatu behar da eboluzioan. Bestela, egon hadi lo eta jango dun/k mehe! Eta, ondorioz, WordPress-i ere iritsi zaio aldaketa nabarmen samarra egiteko garaia. Atera berri da WordPress 6.0 bertsioa.

2018 amaiera aldera WordPress 5-ek iraultza ekarri bazuen munduan gehien erabiltzen den Edukiak Kudeatzeko Sistemara (CMS), ordutik aldaketaz aldaketa, etengabeko eboluzioan izan da. Hasiera batean Gutenberg izeneko editoreak sortutako kritikak pixkanaka goraipamenak bihurtu arte.

WordPress-en eraldaketa

WordPress blog bat izateko CMS bezala jaio zen. Hortik gutxira, garatzaileok eskua sartzeko bilakaera etorri zen, neurrira egindako edukiak sortzea ahalbidetuz, blog izaeratik webgune izaerara pasatuz.

Hobekuntzak tarteko, horrela jarraitu zuen WordPress 5 iritsi zen arte. Eta zer ekarri zuen orain arte aktibo egon den bertsio horrek? Bada, laburbilduz, ezagutza teknikorik ez duen edozeinek argitalpen bakoitzean nahi duen egitura egiteko editore bisuala ekarri zuen.

Zergatik? Bada, besteak beste, Wix, Squarespace eta beste plataforma batzuek hori ahalbidetzen zutelako eta ezagutza teknikorik ez zuen jendea erakartzen hasi zirelako.

Eta ez horregatik bakarrik. Kontuan izan behar da WordPress-en plugin sistemaren bitartez, editore bisual ezberdinak aspalditik izan ditugula eskura: WPBakery, Divi, Elementor… Beharra hor egon da aspalditik eta logikoa da editore bisual hori WordPress berak modu natibo batean eskaini nahi izana.

Berrikuntzak

Eta, orduan, zer du berri WordPress 6.0 bertsioak?
Bada, ehundaka analisi topatuko dituzue dagoeneko. Laburbilduz, zera esan daiteke: Gutenberg gehiago eta gehiago:

  • Zerrenda ikuspegiaren hobekuntza.
  • Hainbat bloke batera editatzeko aukera.
  • Blokeak blokeatzeko (nahi gabe ez editatzeko) aukera.
  • Talde blokeetan ezaugarri berriak.
  • Irudi galerien ezaugarri berriak.
  • Blokeen bikoizketetan ezaugarriak ere mantentzea.
  • Talde eta zutabe blokeetan ezaugarri berriak.

Berritasun horietan, batez ere, ezagutza teknikorik ez duten pertsonak izan dira kontuan. Egokia al da hori? Uste dut ez duela kalterik egiten eta garatzaileoi ere ondo datorkigula Gutenberg indartsu bat.

Baina badira garatzaileoi egindako keinu gisako berrikuntza interesgarriak ere:

  • Ezarritako itxuraren estilo ezberdinak ezartzeko aukera.
  • FSE (Full Site Editing) orrien txantiloi berriak sortzeko aukera.
  • Irudi nabarmendua txantiloi dinamikoetan gehitzeko aukera.
  • Eskaera (query) bidez eduki dinamikoak ekartzeko aukera.
  • Itxurak esportatzeko aukera.

Horietariko gehienak etorkizunean balioa hartzen joan daitezke, behin WordPress-ek aukera horiek garatzaileon eskura utzi ondoren.

Zerrendatutakoak eta besteren bat ondorengo bideoan dituzue ikusgai:

Oharra

Hainbat hizkuntzatako webgunea baduzue, WordPress-ek oraindik ez du hori modu natiboan kudeatzeko aukerarik ematen. Egunen batean emango al du?

Bitartean, plugin bidez egin beharko dugu. Eta horretarako erabiltzen duzuen plugina WPML bada, kontuan izan WordPress 6.0 ezarri aurretik WPML eguneratu behar duzuela.

Testuingurua

Eguneraketa hau WordPress 2003an munduratu zenetik (19 urte, azkar esaten da) lehen aldiz merkatu kuotan beherakada jasan duen momentu berean gertatu da.

Ez dira gutxi izango WordPress-en beherakada txiki hori baliatu nahi dutenak, beste CMS edo programa bat goraipatzeko. Gaur egungo gizartean arraroa egiten da software libreak horrelako garaipena (eta batez ere denboran zehar luzea) erdiestea. TaPuntun ez dugu zalantzarik, etengabeko eboluzioa beharrezkoa den arren, WordPress-ek bizitza luzea du aurretik.

Eta hori guztia WordPress komunitateari esker da. Askotan friki modukoak kontsideratzen diren pertsonak (edo, webgune garatzaile naizen aldetikā€¦ “garen” esan behar?) goraipatzeko baliatu nahiko nuke sarreratxo hau. Horregatik aukeratu dut goiko argazkia. Lan eta lan (askotan itzalean) ari den pertsona askori esker, gai gara webguneak bata bestearen atzetik WordPress erabiliz egiteko. Inongo lizentzia garestirik ordaindu gabe. Izugarrizko altxorra! Zuei, eskerrik asko!

Argazkia: Fikret tozak