Duela aste batzuk irudiak gure lanetan legalki erabiltzeko baldintzen eta lizentzia mota ezberdinen inguruan idatzi nuen. Gai berarekin jarraituz, atal praktikoan sakonduko dut gaur. Doako irudi-banku eta errepositorioen hainbat aukera azalduko ditut.
Sarrera horretan azaldu nuen moduan:
Irudien erabilera legalaren inguruko ideia nagusia da irudi bat ez duzula inoiz eskuratzen (ordainduta, edo ez), eskuratzen duzuna erabilera jakin bat emateko lizentzia dela baizik. Doakotasuna ez da eskubiderik ezarekin lotu behar.
Ezer baino lehen, garrantzitsua da komisionatutako irudien eta stock irudien arteko ezberdintasuna ulertzea.
Komisionatutako irudiak dira ikus-entzunezko bat osatzerako garaian edo hedabideetan lan zehatz batetarako espresuki enkargatzen ditugun horiek. Argazkilari profesional batek beharrari egokitzen zaion argazki berri bat aterako du.
Hau, baina, ez da beti posible. Esate baterako, iraganeko gertaerak irudi bidez komunikatu nahi ditugunean, hildako norbaiten argazkia behar dugunean edota denbora edo baliabide ekonomiko gutxi ditugunean.
Horrelako kasuetan, stock irudiak erabiltzea interesgarria da. Irudi-bankuetan eta errepositorioetan topatu ditzakegun argazkiak askotan jatorrian komisionatutakoak izandakoak dira. Horrelako atariak kudeatzen dituzten enpresek askotan argazki bildumak erosten dizkiete argazkilariei. Horren adibide da, adibidez, Getty Images ataria. Badira horrelako atarietara bideratutako argazkiak ateratzea ogibide duten pertsonak ere.