2021/03/18

reset

Entzun audio formatuan

Korrika gabiltzan gizarte honetan, reset egiteko beharra sentitzen dugu askotan, bai eremu pertsonalean zein profesionalean. Erronka sinple bezain konplexua.

Lehen pausoa, konturatzea izango litzateke. Zaldi baten gainean joan eta agintea beste norbaiten eskuetan edo faktore batzuen menpe dagoela ohartzea. Egoera horrek alde onak izan ditzake noski; hala ere, luzera begira jasan ezina izatera iritsi daiteke ere. Egunerokotasunean egin nahi duguna baino, egin behar duguna egitera mugatuko ginateke eta. Oinarrizko beharrek ez lukete izenik, lekurik ezta denbora tarterik izango.

Eremu pertsonalean gai horri heltzea zaila den arren, seguruenik iritsiko da momentua eztanda egin eta irtenbide posibleak topatzeko gaitasuna eta indarra hartzera iristen garena. Hala nola, zenbait erabaki hartu, orain arteko bideak edo konfiantzazko pertsonetatik aldendu, egonezina kudeatzeko bitartekoak topatzea…

Eremu profesionalean aldiz, egoera batek gainezka egiten digunean, arnasa hartu eta aurrera egiteko gaitasun eta bitarteko berdinak ote ditugu eskura?

Zenbait kasutan erabaki potoloak izango dira, non erakunde edo proiektutik aldi batez aldentzeko beharra dugula sentitzera ere iritsi gaitezkeen. Beste kasu batzuetan aldiz, bilera batetik atera eta beste batean murgildu baino lehen, reset egiteko bitarteko sinpleak beharko ditugu soilik. Dena den, gure motako enpresa txiki eta erakundeetan prest ote gaude behar honi erantzuteko? Alde batetik, behar horri heldu behar diogula ohartzeko eta bestetik, baiezkoa izanez gero, irtenbide posibleak sortzeko?

TaPuntun argi dugu behar horri heldu nahi diogula, gure proiektuaren oinarrian gure proiektuko kideen zaintza dago eta. Dena den, reset egiteko irtenbide eta ekintza zehatzak planteatzeko ideiak amaitu zaizkigula sentitzen dut.

Interkooperazioaren eta partekatzearen aldekoak garenez, zuek erakunde mailan martxan jarri dituzuen reset ekintzak kontatuko dizkiguzue?

Eskerrik asko aldez aurretik, bidelagun 😉