Plugin VS Garapen berria

,

2019/07/19

Aurreko asteko Martxan esaera baten bueltan aritu zen. Hau beste esaera batekin hasiko dugu: zertarako berrasmatu gurpila?

Izan ere, proiektu berri bati ekiten diogun momentuan, proiektu zaharrago bat etor dakiguke burura: “Mmm… antzeko lan bat egin nuen bere garaian, agian berrerabil nezake”.
Beste kasu batzuetan aldiz, pentsa dezakegu jada norbaitek garatuko zuela lehenago, eta gu ez garela gurpila berrasmatzen ariko.

‘Copy – Paste’ famatua, alegia.

Konkretuki WordPress bidezko webguneen garapenean, Pluginak dira horretarako bidea ematen dutenak. Auskalo zenbat plugin topa ditzakegun zernahi egiten dutenak:

  • Hizkuntzak kudeatzeko plugina
  • Formulario bat txertatzen duen plugina
  • Posizionamendua hobetzen lagunduko digun plugina
  • Online denda sortzen digun plugina
  • Proiektu edo zerbitzuak ikustarazteko plugina
  • Kodea optimizatzen duen plugina
  • Webguneen karga habiadura hobetzen duen plugina
  • Segurtasuna handitzen duen plugina
  • Partekatzeko botoiak jartzen dituen plugina
  • Iruzkinak ezgaitzen dituen plugina
  • Bisiten analitika ikusten laguntzen digun plugina

Eta horrela, gure garapena klik batzuetara mugatuko genuke, denak primeran eta lehenengoan funtzionatuz, gainera. Eta noski, ezagutza handirik ez duen edonork egin dezakeen kontua da, bestetik.

Baina… eta plugin horrek ez badu guk behar dugun guztia egiten? Edo… nahi duguna baina aukera askoz gehiago baditu, erabili ez arren, web orriari eragin diezaioketenak? Orduan, komeriak.

WordPress-eko Pluginak – Argazkia: Web Hosting

Berrerabili bai, baina zentzuz

Kodea noski berrerabili behar dela. Niri pertsonalki asko gustatzen zaidan gauza da, beste proiektu bateko kodea hartu, eta proiektu berri bateratako moldatzea, beharreko aldaketak eginez. ‘Copy – Paste’ on baten erabilera izango zen.

Zerrenda horretatik, badira guztiz funtsezkoak diren pluginak: hizkuntza kudeatzailea, online denda, edo formularioetarako eta posizionamendurako balio dutenak, esaterako. Lana asko arintzen dute, eta hemen ez gara gurpila berrasmatzen ariko.

Baina badira beste asko, zalantzazkoak direnak. Aritu al zarete inoiz plugin baten gainean aldaketak egiten? Ni tamalez, bai. Kasu horietan, nahiago izango zenuke hasieratik garapena zuk zeuk egin izango bazenu.

Pluginetan eskua sartzea, eta Matrix, antzerakoak dira – Argazkia: Markus Spiske

Eta horrela bide batez, gure garapena balorean jarriz, askotan gure gainetik kendu ezinik gabiltzan erabilera txarreko ‘Copy – Paste’ topikoa baztertzeko pausua eman dezakegu.

Partekatu: