2019/07/05

Puntu eus domeinua

5 urte pasa dira, lehen .EUS webguneak argitaratu zirenetik, 2014ko ekainaren 28an zehazki.

Gaur egun esan dezakegu beraz, .EUS domeinuak baduela bere komunitate sendoa!

Hau posible egiteko PuntuEUS Fundazioak zein beste eragile eta pertsona asko bost urte baino gehiagoz lanean aritu dira gogor.

Pasa den astean ospatu zituzten bost urte hauek ondo baino hobeto Bilbon Fundazioko kideek. Guk ezin izan genuen bertaratu, baina .EUS domeinuaren banatzaile ofiziala garen aldetik, leku hau auprobetxatu nahiko nuke eskerrak emateko!

Eskerrik asko, beraz, sarean euskarari eta euskal komunitateari bere lekua emateagatik! eta egunetik egunera .EUS domeinua hobetzen lagundu, edo besterik gabe domeinuaren alde apustu egiteagatik.

Zehazki PuntuEus Fundazioko Lorea eta Josurekin izan dugu harremana TaPuntun, eta hasieratik elkar laguntza izan dugu oinarri. Oso gertutik ikusi ahal izan dugu haien ibilbidea, eta esan dezakegu, egin duten lana bikaina iruditu zaigula! Era berean zortedunak sentitzen gara .EUS domeinuaren ibilbidea eta lorpen guztiak gertutik jarraitu ahal izan ditugulako.

Puntu Eus Fundazioa

Urte guzti hauei esker, ia 10.000 .EUS domeinutara iritsi gara, eta egun, 19 eurotan erosi daitezke (hasieran, zein domeinuaren berritze garaian).

Berri hau lorpen izugarria dela iruditzen zaigu, .EUS domeinu bat erabili ahal izateko gutxienez hauetako baldintza bat bete behar baidute webguneek:

  • Webguneak euskarazko eduki esanguratsu bat izan behar du, edo komunikazioak hizkuntza horretan egin behar ditu.
  • Webgunearen edukiak euskal kulturaz aritu edo sustatu behar du.

Besterik gabe, jarrai dezagun euskal komunitatearengatik lanean, eta zorionak berriz ere .EUS komunitate guztiari, hau posible egiteagatik!