Blogs

Nola hobetu webgunearen karga-abiadura (WPO)?

Nola hobetu webgunearen karga-abiadura (WPO)?

Gure webguneak karga-abiadura azkarra izatea oso garrantzitsua da. Nolabait esateko, erlazionatuta dauden bi faktorek talka egiten dute puntu berean: erabiltzaileon esperientziak eta Google-ek ezarritako irizpideek.

Horren azkar doan mundu honetan, eta gaur egungo konexio bizietara ohituratuta, 3-4 segundutik gora irauten duten webguneen kargak mantsotzat hartzen ditugu. Bai, 4 segundu ez dirudi asko denik, baina zuen irizpideen arabera karga-abiadura motela duen webgune batean sartzean denbora hori kontatzerik baduzue, ziur harrituko zaretela. Esperientzia horrek webgune bati buruz izan dezakegun irizpidean eragin negatiboa sortuko digu. Beraz, gure bezeroek esperientzia hori izan ez dezaten lan egin beharra dugu.

Bestetik, jakina da Google webguneen karga-abiadura neurtzen ari dela, eta honek SEO posizionamendurako algoritmo famatuan eragina duela. Nabigazioaren erdia edo gehiago mugikor bidez egiten dugun garai honetan, karga-abiadurak oraindik ere eragin handiagoa du erabiltzaileon esperientzian. Normala da Google-ek hau kontuan hartu izana, eta gauza batek bestea ekarri duela esan dezakegu. Google-ek WPO edo Web Performance Optimization deitzen dio irizpide honi.

Nola jakin nire webgunearen karga-abiadura ona edo txarra den

Behin karga-abiadurak garrantzia handia duela ikusita, gure webgunearen balorazio bat egin beharko genuke. Hainbat erreminta dauzkagu eskura horretarako. Erabilienak, Pingdom Tools eta Google PageSpeed Insights.

Pingdom Tools

Doako zerbitzua eskaintzen duen erreminta azkar eta erabilerraza daukagu eskura. Aztertu nahi dugun webgunearen helbidea idatzi, eta analisia gugandik gertuen dagoen zerbitzaritik egitea aukeratuz, nahikoa.

Karga-abiadura neurtzeaz gain, kargan elementu bakoitza noiz eta zenbat denboran kargatzen den esango digu. Gainera, orrialdearen pisua, elementu eskaera kopurua, puntu ahulak eta puntu indartsuak erakutsiko dizkigu.

Hori bai, baliteke webguneen analisia egiteko momentuan duten karga handia bada, denboratxo batean zehar itxaron beharra.

pingdom-tools-webgunea

Google PageSpeed Insights

Google-en doako erreminta honen ezaugarri nagusia, webgunea ordenagailu bidez eta mugikor bidez aztertzen duela da.

Jarritako orrialdearen karga neurtuko digu bi kasuetarako, eta gainera, honen optimizaziorako egin beharko genituzkeen hobekuntzak erakustsiko dizkigu.google-pagespeed-insights-webgunea

Zer egin dezakegu karga-abiadura hobetzeko?

Egin beharko dugun lehen pausua, egoeraren analisia da. Esandako erremintek informazio asko emango digute, eta guk informazio hori interpretatu beharko dugu.

Kasuan kasuko arrazoi ezberdinak eta hauen arteko konbinazioak topatu ditzakegu. Webgunearen zerbitzaritik hasi, garatzailearen optimizaziotik pasa, eta erabiltzailearen eguneroko lanak zerikusia izan dezakete arrazoi hauetan.

Zerbitzari egokia

Zerbitzaria (webguneko artxibo eta datu baseak gordeko dituen interneteko ordenagailua) geroz eta garrantzitsuagoa da karga-abiadura prozesuan. Zerbitzari guztiak ez dira berdinak. Kalitate eta prezio ezberdinetakoak topatuko ditugu. Prezio alemanak dituztenak oso ezagunak izan daitezke, baina horrek ez du eraginkortasuna bermatzen.

Kalitate/prezio konbinazio egokia topatzea da gakoa.

Garatzailearen optimizazioa eta edukiak cacheatzea

<html><body><div class=”edukia”><p> Ongi etorri nire webgunera! </p></div></body></html>
<style> div.edukia{ color: #23282d; font-size: 1.3rem; } </style>
Ezer ulertu al duzue?

Webguneak sortzeko html egitura eta CSS estilo lengoaia adibideak dira. Hauek nola erabili, garatzailearen kontua izaten da. Webguneak sortzeko mila bide daude, baina bide guztiak ez dira berdinak efizientzia aldetik. Gure webgunearen efizientziak erlazio zuzena dauka karga-abiaduran.

Optimizazioa bilatuz, edukiak cacheatzeak ere lagundu egiten du edukiak azkarrago erakusterako orduan.

Plugin egokiak erabiltzea

WordPress bezalako CMS-ak erabiltzen direnean, pluginak instalatzea guztiz beharrezkoa da. Baina kasu batzuetan plugin gehiegi instalatzen badira, webgunearen karga-abiaduran eragin negatiboa izan dezake.

Erabiltzailearen erabilera egokia

Baita ere, izan daiteke webgunearen erabiltzaile moduan, orrialdeak sortzean edo blogeko sarrerak idaztean, gauzak oso txukun ez egitea.

Normalena, garatzailearen aldetik webgunea egoki erabiltzeko formazioa jaso izana da. Baina batzuetan webgunea oso maiz ez eguneratu izanagatik, kudeaketa pertsona aldaketagatik, edo besterik gabe, erabilera ezegokia izateagatik, karga-abiadurari eragiten dioten ekintza desegokiak burutzen dira. Gehien errepikatzen den kasua, irudien optimiazazio eza, edo hauen gehiegizko erabilera.

Partekatu: