2018/11/23

Demagun Zuriñe Egaña deitzen zarela, eta zure izena duen posta elektroniko edo domeinu bat sortu nahi duzula. Aspaldi konturatuko zinen zailtasunak izango dituzula Ñ karakterearekin. Horrela, zurine@zuredomeinua.eus posta elektronikoa, edo zurineegana.eus domeinua kontratatzen buka zenezake. Hau bera pasatzen zaie karaktere latinoak erabiltzen ez dituzten munduko beste hainbat hizkuntzei ere.

日本語.jp domeinua – Japonieraz ez dakigu askorik, baina domeinu honetan japoniera dakitenentzat IDN domeinuen onuraz ari dira hitz egiten.

ICANN erakundea duela 20 urte hasi zen ASCII (ingelesezko A-Z hizkiak, zenbakiak eta gidoia) karaktereez harago idazten duten hizkuntzei irtenbidea eman nahian, eta duela hamarkada bat inguru ezarri ziren nazioartekotutako domeinu izenetarako oinarriak (ingelesezko IDN siglaz ezagun direnak). Horrela, zuriñeegaña.eus domeinua kontrata zenezake, baina egia da gaur egun oraindik arrotza egiten zaigula hori tekleatzea.

Funtzionamendua

Beraz, karaktere bereziak dituzten domeinuak kontrata ditzakegu. Baina… nola dira posible ASCII karaktereez haragoko domeinuak?

Erantzuna honakoa da: karaktere bereziak dituen domeinu bat kontratatzen badugu, oinarrian ez gabiltza domeinu hori kontratatzen, bere baliokidea den beste domeinu bat baizik. Horrela, lehen esaten genuen zuriñeegaña.eus domeinua kontratatzean, oinarrian xn--zurieegaa-o6ae.eus domeinua ariko gara kontratatzen.

ñandú.cl domeinua – Txileko .cl domeinuetan IDN martxan jarri zela erakusten duen adibide domeinua.

Hau da, nabigatzaileak dira arduratzen direnak helbide bezala karaktere bereziak dituen domeinu bat jartzen dugunean, berau interpretatu eta dagokion orrialdea erakusteaz. Horretarako, ACE izeneko algoritmo bat erabiltzen dute. Mota hauetako domeinu guztiek ezaugarri bat dute amankomunean: “xn--” karaktereekin hasten dira.

Hainbat IDN helbide bihurgailu topa ditzakegu sarean, karaktere berezi hauen atzean benetan zein domeinu daukagun jakiteko. Zerbitzariekin lanean aritu behar bagara, ondo etorriko zaigu.

Eta nola eraman hau gure WordPress webgunera?

TaPuntun ohikoa da hainbat hizkuntza barneratzen dituzten webguneekin lan egitea. Ez dira hain ohikoak hizkuntza bakoitza domeinu ezberdinean doazen webguneak. Eta duela gutxi guretzat lehen aldia izan zen, aurreko bi kasuak emateaz gain, domeinuetako batek karaktere bereziak zituena.

Duela aste batzuk hainbat hizkuntzako WordPress domeinua nola kudeatu azaldu genuen. Gaur hizkuntza bakoitza domeinu ezberdinean doaneko kasua ikusiko dugu, horietako batek karaktere bereziak izanda.

Demagun, euskaraz eta gaztelaniaz doan webgune bat dugula, euskarazko domeinua gaztaina.eus izanik, eta gaztelaniazkoa aldiz castaña.eus izanik. Kasu honetan, gaztelaniaz ez genuke castaña.eus ezarri beharko, ACE algoritmoak ematen digun emaitza baizik: xn--castaa-0wa.eus

Zuk izan al duzu beste esperientziarik Nazioartekotutako domeinu izenekin?