gaitasun digitalak

Zein gaitasun digital beharko genituzke profesional gisa aritzeko?

2018/11/9

Gaur egun, edozein sektore, enpresa edo arlotan lan egiteko, ezinbestekoa da oinarrizko ezagutza batzuk kontrolpean izatea. Dena den, oinarrizko ezagutza teoriko eta praktiko horiez gain, gaitasun digital batzuk menperatzea komeni da, enpresako kideekin, kanpoko kolaboratzaile eta hornitzaileekin komunikatu ahal izateko.

Nolabait, esan genezake arlo profesionala digitalizatzen joan dela. Ondorioz, eguneroko lana aurrera eramateko, ezagutza zein tresna digital ezberdinak menperatu beharko ditugu.

Baina hau egoera ideala izango litzateke. Zorionez edo zoritxarrez, gauzak ez dira horrela eta bide asko dago oraindik gure inguruko profesional zein enpresak digitalak izatera iristeko.

Zer gaitasun digitalez ari gara ordea?

Zehazki, hementxe uzten dizkizuegu, gaur egun ezagutu eta menperatu beharko genituzkeen gaitasun digitalak:

  • Informazioaren kudeaketa: sareari esker, gure informazio iturriak hirukoiztu egin dira. Hori dela eta, etengabean dugu informazioa lortu eta jasotzeko aukera. Dena den, informazio fluxu guzti hori topatu, sailkatu eta egoki kudeatzen ikastea ezinbestekoa izango da gure denbora eta baliabideak eraginkortasunez kudeatzera iritsi ahal izateko.
  • Komunikazio digitala: gaur egun, erabiltzaileak, enpresak, hornitzaileak eta langileak berak digitalak izatera iritsi gara. Hori dela eta, kanal digital ezberdinen bidez komunikatzeko gaitasuna lortu eta tresna egokiak erabiltzen ikastea ezinbestekoa izango da.
  • Sarean lan egitea: tresna digitalen bidez komunikatzeko gaitasuna lortzeaz gain, sarearen bidez beste batzuekin eta taldean lan egiteko gaitasuna bermatu beharko genuke: dokumentu partekatuak sortu eta kudeatu, bilera birtualak garatu, foro zein antzeko eztabaida digitaletan parte hartu, …
  • Etengabeko ikaskuntza kanal digitalen bidez: formazio presentzialez gain, geroz eta ohikoagoa da online formazioak jasotzea. Dena den, formazio mota horiek eskaintzen dituzten plataforma zein erabilpen irizpideak ezagutu beharko genituzke aurrera eraman ahal izateko.
  • Ezagutza digitala: ezagutza partekatua eta librea bezala defini genezake. Bakoitzak bere ezagutza sortu eta lehiakor izateko bide horretan, informazio hori erabili baino, komunitate digitalean plazaratu eta inteligentzia kolektiborako filosofia ulertu eta lortzean datza gaitasun mota hau.
  • Bezero berriei erantzun digitalak: bezero arreta tradizionaletik, bezero arreta digitalera pausu bat ematen ari garela argi dago. Bezeroek erantzun azkarrak eta eraginkorrak bilatzen dituzte, horretarako bezero arreta digitala bermatzeko prozedimendu eta tresnak kontrolpean izatera iritsi beharko ginateke.

Gauzak honela, lanean egon edota lana bilatzen aritu, gaitasun digital hauek gehiago sakondu eta menperatzea ez litzaizuke gaizki etorriko.

Zorterik onena bidean eta izan digitala!

 

 

 

 

Partekatu: