Blogs

TaPuntun gaur ere eguneroko lanak darrai

Gaur ere, eguneroko lanak darrai

Hainbatek galdetu diguzue gaurko egunean lanean aritzearen inguruan. Guk, gure egutegia sortzeko aukera baliatu dugu, baina ez hori bakarrik. Mundua ulertzeko ditugun betaurrekoen arabera ari gara gure kooperatiba eraikitzen eta, ahal dugun neurrian, gizartean eragiten.

Gaur ere eguneroko lanak darrai. Horrela, amaitzear dugun webguneari azken ukituak emango dizkiogu gaur, hurrengo asteko formazio saioen edukiak finduko ditugu, eskatu diguten identitate liburuan bezeroaren arima isladatzen saiatuko gara, baina beste dimentsio batzuetan ere lanean arituko gara.

Burujabetzak, eraldaketa sozialaren bultzada

Lanean jarraituko dugu, ohitura txiki eta handietan aldaketak ezinbestekoak direlako guztiok kabitzeko moduko jendartea eraikitzeko.

Hainbat arlotan jorratu beharko ditugu burujabetzak: tokiko garapenean (dela zubigintzan, dela Iturola Elkarlan Sorguneko eragile gisa, …), energia arloan (nori kontratatuko diogu gure ordenagailuak pizteko argindarra?), teknologian (teknologia askeetan oinarritutako webguneak garatuz, esate baterako), elikaduran (non erosiko ditugu egunero gure tupper-ak betetzeko elikagaiak?), finantzetan (zein bankuk finantzatuko ditu kooperatibaren behar ekonomikoak?), …

Gainera, ekintzailetza eredu ezberdin batean eragingo dugu (KoopFabrika-ko eragile izanik, adibidez) eta interkooperazioan sakonduko dugu (eskualdeko sareak osatuz, Olatukoop-eko kide izanez, adibidez).

Azken finean, proiektu bizigarri eta jasangarria eraikitzea gure esku dago, bai barrura eta baita kanpora begira ere.

Ez da gauza bera

Norbanako arrakastatik aldendu eta arrakasta kolektibora bidean badugu zer egina lan arloan ere.

  • Ez da gauza bera komunikazio ekintza bat burutzean gizarteko rol ez parekideak ikustaraztea, edo rol hauekin hautsi eta beste errealitate batzuk irudikatzea.
  • Pantailan maketatutako aldizkaria online inprimategi merkeenean inprimatzea edota eskualdean gure logika berean lanean dagoen inprimategian inprimatzea, ez da gauza bera.
  • Ezberdina da merkatu logika kapitalistei erantzuten dieten enpresekin saretzea edota txikitik handian eragiten ari diren beste batzuekin saretzea.
  • Ez da berdina generoaren araberako soldata arrakala sakontzen jarraitzea, edota hori ekiditea.
  • Enpresa proiektu bat posible egiten dutenen artean, naiz jabe, bazkide, kontratupeko langile edota kolaboratzaile puntual izan, soldatan 1:1 ratioa bilatzea, bada diferentzia.
  • Nahiago dugu elkarlana, lehia baino.
  • Badago aldea ekintzailetasunaren bidea bakarrik egitearen eta aliatuekin eskutik helduta egitearen artean.
  • Ez da gauza bera pertsonetan arreta jartzen ez duen proiektu bateko kide izatea, edo elkarren arteko zaintzari tartea ematen dion talde bateko kide izatea.

Ez, ez da gauza bera.

Nahi izanez gero, KoopFabrika-ren Badago Aldea atalean gure egunerokotasunean kontutan hartzen ditugun logika batzuen inguruko informazio gehigarria topatuko duzue.

Oparotasuna denontzat!

Partekatu: