domeinu-izenak

Domeinu-izena aukeratzeko gakoak

2018/09/14

Enpresa, proiektu edo erakunde batek interneten egotea erabakitzen duenean, ohikoena presentzia honen erdigune izango den webgune bat izatea da. Domeinu-izena, azken finean, gure webgunearen izena izango da. Izenaz gain, gainera, honen luzapena aukeratu beharko dugu eta, lehen ez bezala, gaur egun aukera anitzak ditugu horretarako. Garrantzitsua da izena ongi aukeratzea, baina nola egin aukeraketa?

Marka izenaren berdina edo ez?

Hainbat galdera egin beharko genizkioke gure buruari: marka izenak nahikoa esaten du gure proiektuak eskaintzen duenaz? marka izena nahikoa ezaguna da bere kabuz ezagutu ahal izateko? oso antzekoak diren marka izenak daude?

Duela denbora gutxi arte EMD (Exact Match Domain) delakoak erabiltzea zen posizionamendurako egokiena. Alegia, posizionatu nahi genuen produktu edo zerbitzua domeinu-izenean agertzea ia ezinbestekoa zen. josebaileapaindegia.com motako domeinu-izenetaz ari gara.

Orokorrean, TaPuntutarron gomendioa marka izena erabiltzea izaten da. Azken finean, posizionamenduari begira geroz eta garrantzia gehiago du edukiak domeinu-izenarekin alderatuz eta, beraz, domeinu-izena motzagoa izatea hobesten dugu. Gainera, proiektu bat beti bere marka izenagatik deitzeak (toki guztietan), gure publikoak hau errazago gogoratzea ekarriko du.

Bakar bat edo bat baino gehiago?

Webgune bat izate hutsa ez da nahikoa. Webgune horrek erabilgarria izan behar du erabiltzaileentzat eta, gainera, bilagarria izan behar du. Geroz eta garrantzia handiagoa du posizionamenduak, alegia, bilatzaileetako emaitza orrialdeetan posizio onean agertzeak.

Martxan atalean beste batzuetan aipatu ditugun kontuetaz gain, domeinu-izenak garrantzia handia du posizionamendu egoki bat lortzerako garaian ere. Hori dela eta, lortu nahi ditugun helburuen arabera, batzuetan beharrezkoa izaten da domeinu-izen bat baino gehiago erabiltzea; esate baterako, geografikoki bata bestearengandik urrun dauden herrialdeetan saldu nahi badugu. Adibidez, Oronak hainbat domeinu-izen erabiltzen ditu: orona-group.com, oronafundazioa.org (fundazio edo elkarteei bideratutako .org luzapenarekin), orona-mwl.ie (Ipar Irlandan erabiltzeko .ie luzapenarekin), etabar.

Posible bada, domeinu-izen bakar bat izatea askoz hobe, lana erraztuko digulako. Dena den, beti ez da egokiena izango.

Zein da webgunearen ezaugarri bereizgarri nagusia?

Luzapenaren aukeraketa egiterako garaian, pentsatu beharko dugu zein den webgunearen (edota gure) helburu nagusia. Herrialde bakar bati bideratzen diogu gure webgunea? Hizkuntza komunitate batekin loturiko proiektua da eta horrek egiten du berezi?

Galdera honi ematen diogunaren arabera, aukerak ia amaiezinak dira egun:

  • Eremu geografikoari lotutakoak: .fr (Frantzia), .es (Espainia), .eu (Europa)…
  • Komunitate linguistikoei lotutakoak: .eus, .cat, .gal…
  • Izaera juridikoaren nolakotasunari lotutakoak: .coop, .gov, …
  • Eduki mota: .blog, .xxx, .shop…

Pentsatu zein den zure proiektuaren bereizgarri nagusia. Domeinu-izenean bereizgarri hori erakusteko hainbat aukera ditugu domeinu-izenaren luzapenaren bidez.

Amaitzeko, domeinu-izena eta honen luzapena aukeratzeko bost gomendio labur:

  1. Laburra bada, hobe
  2. Ekidin karaktere edo hizki arraroak
  3. Domeinu-izena (eta baita marka izena ere), ahal bada, zure erabiltzaileen hizkuntza berean. International kutsua, zertarako?
  4. Ahal dela, saia zaitez proiektuaren izen juridikoa, marka-izena, domeinua eta sare sozialetako erabiltzaile izenak batera aukeratzen. Aurrera begira buruko min asko ekidingo dituzu horrela.
  5. Ataza honi behar duen denbora eskaini. Aukeraketa hau ez da hutsala eta, aurrera begira domeinu-izena aldatzea posible den arren, hainbat buruhauste ekarriko dizkizu.

Kitto! Gomendioei jarraituz aukeratu dut nire webgunearen domeinu-izena. Eta orain, zer?

Behin aukeraketa eginda,¬†domeinu-izena erosteko enpresa erregistratzaile batekin hitz egin beharko duzu. –¬†.eus- domeinu bat erosteko hautua egin baduzu, PuntuEUS Fundazioak eskuragai jartzen dizu hainbat erregistratzaileren zerrenda.

Partekatu: