Blogs

Webgunea

Webgune bat eduki baino lehen kontutan hartu beharreko 5 gutxienekoak

Denok dakigu iraila izaten dela proiektu berri asko martxan jartzeko hilabete aproposa. Ikasturte berriarekin batera, asmo berriak sortzen zaizkigu eta udaran zehar buruan bueltaka izan dugun ideia hori gauzatzeko aukera ezin hobea dela erabaki izan ohi dugu maiz. Gauzak honela, martxan jarri nahi dugun proiektu hori profesionala bada, honi lotutako komunikazio beharrak sortu izaten dira ere. Komunikazio behar horiei dagokienez, segituan sortuko zaizkigu lehen zalantzak, batez ere gure beharrei aurre egiteko tresnen ingurukoak.

Kasu gehienetan ohikoa izaten da sare sozial bat martxan jarri eta arrakastaren arabera beste tresna batzuetan pentsatzen hastea. Dena den, pausu bat haratago eman nahi izanez gero, ondokoa gomendatzen dizuegu, behin baino gehiagotan esan dizuegun moduan:

Komunikazioari dagokionez, proiektu baten erdigunean webgune bat egon beharko luke beti. Bertan, eduki estatikoaz gain, eduki aldakorra barneratu beharko genukeelarik, non erabiltzaile batek bilatzen duen hori argi eta garbi topatzeko arazorik ez duen izango eta noizbehinka eduki berriekin informazio gehiago eskuratzeko aukera duen. Azken finean, sare sozialak oso aldakorrak dira eta, gune zehatz batean informazio guztia jasotzen ez badugu, erabiltzaileak behar duen informazio hori ez topatzeko akatsean erori gaitezke.

Behin hori argi utzita, zer jaking beharko genuke webgune bat sortu baino lehen? Hementxe uzten dizkizuegu bost gako nagusienak:

  1. Zerbitzaria: gure webgunea posible egingo duen zerbitzua eskainiko digu. Hau ulertzeko telefono batekin konparaketa egitea litzateke onena. Telefono bat erosi eta bertatik deiak egiten hasi ahal izateko enpresa bat kontratatu beharko dugu eta horretarako merkatuak aukera ezberdinak eskaintzen dizkigu. Webguneen kasuan berdina gertatzen da, non aukeratzen dugun zerbitzariari ondoko zerbitzuak kontratatu eta ordaindu beharko dizkiogularik: hosting (gure webgunearen artxiboak bertara igo eta sarean ikusgai egoteko espazioa) eta domeinua edo webgunearen izena (adib.: “www.tapuntu.eus”).
  2. Txantiloiak: webgunearen garapena zuk zeuk egin edo horretarako enpresa bat kontratatuz gero, honen oinarria eta egitura definitzen lagundu dezakeen txantiloiak daudela jakinarazten dizugu. Hasiera batean gure webguneak behar ditugun ezaugarriak argi izatea izango da gakoa txantiloi apropos bat aukeratzeko garaian, ondoren, diseinua guztiz aldatu daiteke eta. Txantiloiei esker garapena asko erraztu daitekeela aipatu dizuegu; dena den, hauek gabe webgune bat zerotik sortzeko arazorik ez legoke ere.
  3. Edukia: Behin zerbitzari eta web egitura argi izanik, webgunean barneratu beharreko edukia lantzen hasi beharko ginateke. Hau sortzeko garaian gure ikuspuntua kontutan hartu baino, erabiltzailea izan beharko genuke presente. Berarekin komunikatzeko tresna bat sortzea izango baita helburua eta, horretarako, bere ikuspuntu eta beharrak kontutan hartzea ezinbestekoa izango da.
  4. Hizkuntzak: Edukia sortu ondoren, webgunea zenbat hizkuntzatan eskaini nahi dugun erabakitzea beharrezkoa da. Horretarako, pertsona edo erakunde askok itzulpenak egiteko orduan enpresa profesional baten laguntza behar izaten dute. Honetan ere, gure merkatua bera eta erabiltzailea nolakoa den eta zein hizkuntza erabiltzen duen pentsatzea erabakiorra izango da beti.
  5. Web mantenua: behin webgunea argitaratu ostean, hau mantentzeko norbaiten laguntza beharko genukeen pentsatzeko ordua litzateke. Horretarako, eduki edo atal berriak sortu, zerbitzariarekin sortu daitezkeen arazoak konpondu edota segurtasun kopiak egiteko gai garen galdetu beharko genioke gure buruari. Erantzuna ezezkoa bada, webguneen mantenua aurrera eramaten duen enpresaren batekin harremanetan jartzea komeniko da.

Behin bost aspektu hauek irakurri ostean, aurretik lan dezente duzula ondorioztatu duzu, ezta? Horrela bada, lasai egon; hasieran arrotzak suertatu daitezkeen kontzeptu eta lanak direla uste baduzu, denborarekin zure webgunearen oinarria sendotzen lagundu zenuela argi izango duzu eta. Aldiz, guzti honetan aholkularitza edo laguntza beharko bazenu, badakizue non gauden.

Zorte on, lagun!

Partekatu: