Blogs

Logotipoen diseinuko joerak

Logotipoen diseinuko 10 joera

Diseinatzaile grafikoa al zara? Zure proiektuaren irudi grafikoa moldatu behar al duzu? Enpresaren logotipoa eguneratzeko garaia heldu dela sumatzen al duzu? Bada, lagungarria izango zaizu gaurko sarrera hau. Garaiz zabiltza logotipoen diseinuan gori gori dauden joerak ezagutzeko.

Diseinuarekin zerikusia duen beste edozein arlo bezala, logotipoen diseinua mundu aldakorra da. Badaude oinarrizko teknika batzuk, logoak denboran zehar gehiago irautea ekartzen dutenak; dena den, begiratu inguratzen zaituzten ehunka logotipoak eta argi eta garbi ikusiko duzu zeintzuk geratu diren zaharkituta eta zeintzuk ez.

Joerak zerrendatzea zaila den arren, jarraian hamar proposatuko dizkizuegu. Hain zuzen ere, egunerokotasunean diseinatzen arituta antzeman ahal izan ditugunak:

Logotipoen diseinu joerak: espazio negatiboa

1. Espazio negatiboa

Ziur hainbat logotipotan ikusi duzula honezkero espazio negatiboa. Denbora batez joera izateari utzi zion arren, bueltan da. Oraingoan, bereziki, joera espazio negatiboak letren gainean sortzea da, formen gainean beharrean. Esperimentaziorako aukera paregabea ematen dute letrek, nolabaiteko mezu ezkutuak sortu ditzakegu eta. Adi begiratu behar!


Logotipoen diseinu joerak: kolore biziak

2. Kolore biziak

Internetekin batera aldaketa nabarmena eman zen logotipoen diseinuan. Pantailak kolore biziagoak erakusteko gai direnez, markek honetara moldatu behar izan zuten. Ez ahaztu koloreek eragin zuzena dutela inpaktu emozionalean eta igorri nahi dugun mezuarekin zerikusia dutela.


Logotipoen diseinu joerak: degradatuak

3. Degradatuak

Eskuorri, afixa, webgune eta logotipoetatik erabat desagertu ziren degradatuak duela urte batzuk. Diseinatzaileek ziotenez, kolore batetik besterako trantsizioak erabiltzea demodé bilakatu zen eta begibistatik galdu genituen. Baina, bapatean, edonon agertu dira 2016. urtetik aurrera.


Logotipoen diseinu joerak: overlap

4. Overlap

Diotenez, Mastercard omen da joera hau sortu izanaren errudun nagusia. Izan ere, beraien logotipoaren azken berdiseinuan overlap teknika erabili zuten. Sinplea da oso; bi kolore gainjartzea da teknikaren gakoa. Dena den, kontuz ibili behar da teknika hau erabiltzerako garaian, konbinatuko diren koloreen aukeraketak berebiziko garrantzia baitu.


Logotipoen diseinu joerak: lettering

5. Lettering

Orokorrean gutxiagorekin gehiago esatea da joera logotipoen diseinuan, orain arte proposatutako ildoei erreparatuz gero. Dena den, bada salbuespen bat: lettering estiloa. Eskuz egindako letretan oinarritutako logotipo original eta bakarrak sortzea da gakoa. Errepikaezin bezain pertsonalak. Gutxinaka estilo honen erabilera murrizten ari dela dirudien arren, interesgarria izan daiteke hainbat proiektu motatan.


Logotipoen diseinu joerak: esperimentazioa tipografiekin

6. Esperimentazioa tipografiekin

Tipografiekin esperimentatuz, oinarrizko informazioa modu konplexuan erakusteko aukera daukagu. Sorkuntzari bidea ireki eta logo berezi eta bakar bat egitea da gakoa. Esate baterako, aukera bat letrak objektu bilakatzea da eta, horrela, logotipoaren esanahia osatzea.


Logotipoen diseinu joerak: inspirazio arkitektonikoa

7. Inspirazio arkitektonikoa

Diseinu grafikoak eta arkitekturak betidanik elikatu dute elkar. Biak oinarrizko formetan oinarritzen direnez, zentzu osoa du honek. Espazio fisikoaren interpretazioak joera dira eta baita elementu arkitektonikoak logotipoetan erabiltzea ere.


Logotipoen diseinu joerak: diseinu dibertigarriak

8. Diseinu dibertigarriak

Noizbehinka, diseinatzaile garenok ere, logotipo guztiak berdinak direnaren sentsazioa izaten dugu: hainbat logotipotan errepikatzen diren estiloak, letra motak, elementuak… Joera honen baitan egindako logotipoak, aldiz, guztiz kontrakoa lortzen dute. Diseinu ausartak dira eta ordezkatzen duten proiektu edo enpresa modu nabarian irudikatzen dute. Ikusten duen horrek ez du berehalakoan ahaztuko!


Logotipoen diseinu joerak: oinarrizko formak

9. Oinarrizko formak

Oinarrizko formekin osatutako logotipoak beti dira joera. Ulertzen errazak izanik, beste estiloetakoak baino atenporalagoak dira eta elementu gutxi erabiliz markaren funtsa adieraztea ahalbidetzen dute.


Logotipoen diseinu joerak: saretan oinarrituak

10. Sareta edota kuadrikuletan oinarrituak

Logotipo bat diseinatzeko sareta bat erabiltzen denean, emaitza orekatu eta perfektu bat lortzen da, nolabait. Izan ere, lerro paraleloen gainean marraztutako logotipoetan forma geometrikoak irudikatuko ditugu eta hauek oreka transmititzen dute, sorkuntzaren gainetik.

Hautatu gustukoen duzun joera; baina ez ezazu ahaztu, logotipo on batek lau ezaugarri hauek bete beharko lituzke: zure markarekin bat etortzea, berehala identifikatzeko modukoa izatea, erraz erabiltzeko modukoa izatea eta denboran zehar irautea.

Partekatu: