TaPuntu kaixo Usurbil

Kaixo, Usurbil

2018/12/4

Amaitu berri du bere bidaia TaPunturen txoriak. Eta, horrekin batera,  gaur hasi dugu gure bidaia berria tapuntutarrok Usurbilen.

Gauza asko estreinatuko ditugu gaur: bulegoa, herria, ikusten ari zaren webgunea, hau janzten duen marka irudi berria, baina ginen berdinak gara. Bueno, duela egun gutxi ginen berdinak, baina 2015ean ginenak baino baten bat gehiago. Gure unibertsoa espantsioan ari da zabaltzen lurraldean zehar, baina baita sortzen ari garen harreman sareari dagokionean ere.

Oraino paretek berri usaina mantentzen duten honetan, beste hainbat bidelagun ditugu gogoan, TaPuntuk bere unibertsoa ulertzeko duen moduan mugarri izan direnak: eroso lan egiteko bulegoaren zimenduak Koop57-ri esker eta beraien babesa eman diguten lagunei esker finkatu ahal izan ditugu, egun lainotuetan Goiener-en energiak emango digu argia, … Eta bide honetan sakontzeko pausoak ematen jarraituko dugu, noski.

TaPunturen txori zenak beste kabi bat aukera zezakeen; kapitalean ziurrenik, punta puntako enpresen inguruan akaso, hornitzaile merkeagoekin agian. Baina, abentura honen hasieran esan genuen moduan:

Txoriek ez dute sekula jaio ziren tokia ahazten.

Partekatu: