2023/12/01

Frustrazio handia eragiten digu prentsaurreko bat antolatzeko lana hartu eta inor ez azaltzeak. Baina, pentsatu al dugu zertarako egin dugun prentsaurrekoa? Beharrezkoa al zen? Ba ote zegoen beste modurik gure mezua helarazteko? Zer dago gure esku?

Edozein produktu, aldarri, deialdi aurkezteko prentsaurrekoa egitea izan da azken urteetako joera baina garaiotara egokitzeko beharra daukagu denok. Komunikazio moduak eta bideak aldatzen doaz eta presentzialtasuna bermatzea gero eta zailagoa da kazetarien aldetik. Kazetaritzak bizi duen egoera ere ez da onena eta kazetariek -orokorrean- dituzten lan baldintza prekarioek ere ez dute laguntzen.

Zein da nire proposamena? Elkarlana. Goazen gure mezua zabaltzeko modu egokiena bilatzera eta prentsarekin horretarako aukerak pentsatu eta lana banatzera.

Helburua

Ondo pentsatu behar dugu zein den lortu nahi duguna eta horretarako zein den bide egokiena. Askotan idatziz bidali ditzakegu informazioa eta argazkiak, eta ez dago agerraldia egin beharrik. Irratiek audioak behar izaten dituzte. Gaur egun edozein telefono mugikorrekin oso erraza da korte bat grabatu eta bidaltzea.

Herri mugimenduetan ohikoa izaten da argazki jendetsu bat bilatzea eta arratsaldeko orduak aukeratzen dira ahalik eta jende gehien elkartzeko. Ordu horretan, ziur aski, erredakzioan dagoen kazetariak nahikoa lan izango du hurrengo eguneko edukiak bukatzen eta ia ezinezkoa izango zaio bertaratzea. Aurrez hitz eginda, argazkia guk atera eta irakurriko duguna email bidez bidaliko bagenio, gure helburua berdin-berdin beteko genuke: alegia, gure argazkia eta mezua zabaltzea.

Prentsaurrekoa egitera goaz

Prentsaurrekoa egitea erabakitzen badugu, lehenengo eguna, tokia, ordua, parte-hartzaileak eta mezua erabaki beharko ditugu.

Deialdia

Hurrengo lana deialdia egitea izango da. Email bidez, aurretik erabaki dugun hori guztia zehaztuz deialdia bidaliko dugu. Beti eman aukera edozertarako gurekin harremanetan jartzeko, idatziz edo telefonoz. Garaiz egitea komeni da eta, emaila bidali ondoren, telefono erronda bat egitea ere ez dago gaizki, deialdia jaso dutela ziurtatzeko eta ea zein aukera ikusten duten jakiteko.

Iraupena / Formatua / Baliabideak

Ez da hitzaldi bat, ez dugu guzti-guztia kontatu beharrik… Helarazi nahi dugun mezua ahalik eta zehatzen ematen saiatuko gara. Gehiegi luzatzen diren prentsaurrekoak ez dira batere eraginkorrak. Hitzartze asko egotea ezinbestekoa bada, bakoitzaren denborak ahalik eta gehien mugatzen saiatuko gara. Eta kontuan izan beharko dugu zein baliabide tekniko ditugun: mikrofonoak, proiektoreak, prentsarentzako soinua hartzeko tomak… Kontuan izan beharko dugu, baita ere, tokia nola jantzi nahi dugun: mahai gaineko euskarriren bat, elkartearen enara bat, pantailan irudi edo bideoren bat…

Oharra

Gure mezua ahalik eta ondoen azaltzen duen albiste-oharra idatziko dugu kazetariei banatzeko. Prentsaurrekoa bukatuta, emailez ere bidaliko diegu denei.

Lehenengo araua: prentsaurrekoa ez da inoiz albiste. “Hurrengo edizioa aurkeztu da…”, “sindikatuek agerraldia egin dugu”, “liburua aurkeztu dugu”… Ezer esaten ez duten titular horiek alboratu eta guk zabaldu nahi dugun mezu nagusia jarri behar dugu titular eta lehen lerroetan.

Argazkia

Hartu tartea eta bilatu toki ahalik eta txukunena argazkia egiteko. Prentsaurrekoa egingo dugun mahaitik kanpo, ahal dela. Gaiaren arabera, agian agerraldiko argazkia ez da garrantzia handiena duena. Antzerki topaketa bat aurkezten badugu, ziur parte hartuko duen konpainiaren baten argazki ederragoren bat badugula prentsari bidaltzeko, edo iazko edizioko argazkiren bat aukeratu…

Prentsaurrekoko irudia baldin bada bilatzen duguna, saiatu aurrez pentsatzen eta hitzartzeak hasi aurretik egiten. Argazkilariek lan ezberdinak izaten baitituzte egunean zehar egiteko, eta nahikoa larri ibiltzen dira batetik bestera iristeko.

Streaming-a

Lehendik bazetorren ere, pandemia garaian indar handia hartu zuen aukera honek. Prentsaurrekoa streaming bidez zabaltzen badugu, bertaratu ezin duenak agian zuzenean jarraitzeko aukera izango du edo, grabatuta gelditzen bada, beste momenturen batean ikus ahal izango du. Deialdia bidaltzen dugunean, aukera honen berri eman.

Argazkia: Tyler CallahanUnsplash