2023/10/06

Entzun audio formatuan

Enpresa teknologiko erraldoien baliabideak gure egunerokoaren parte ditugu aspalditik. Erraminta asko oso baliagarriak dira gure egunerokoan. Nork ez du erabili multinazional horien posta elektroniko bat, lainoan gordetzeko erreminta bat edo eta sare sozial bat?

Enpresen egunerokoan ere, Drive, WhatsApp, Telegram, Gmail, Instagram, Twitter X, Facebook, LinkedIn edo antzekoak erabiltzea ohikoa izan daiteke. Baina, eta nire enpresarentzat erreminta horietakoren bat oinarrizko bilakatu bada eguneroko jardunean?

Dependentziaren arriskuak

Demagun, nire enpresak merkatu-nitxo bat topatu duela sare sozial batean eta horrek dependentzia bat sortu duela. Sare sozial horrek bilakaera ona duen bitartean, arazorik ez. Baina demagun, inoiz, agian, kasualitatez eta adibidez, tipo aberats batek sare sozial hori erosi eta bere jostailu bezala erabiltzen duela, ordura arteko bilakaeran eraginez:

  • Iragarki mordoa gehitu.
  • Langile mordoa kaleratu.
  • Ordainpeko plataforma bilakatu.

Ondorioz, erabiltzaileek ospa. Eta nire jarduera, kolokan. Izan ere, hirugarrenen teknologiak erabiltzen gabiltzan bitartean beti dago arrisku bat. Arraultza guztiak saski berean jartzen ditugunean bezala.

– “Ah, baina nik ez dut dependentziarik sare sozialekin”.
– “Ondo, eta bihar posta elektronikoko erreminta bada? Edo lainoan biltegiratzeko erabiltzen duguna?”

Posible al da independente mantentzea?

Nire ikuspegitik esango nuke erantzuna argia dela. Ez.

Baina agian gure esku dauden pare bat erabaki har ditzakegu hirugarrenen teknologia horiek azalekoagoak izan daitezen.

Webgunea

Webgunea gure komunikazio eta produktu edo zerbitzuen erdigune bilakatzen badugu, libreagoak izango gara. Ados, webgune bat sare sozial bat baina garestiagoa da eta denboran mantendu beharra dago, baina aldi berean %100 egin dezakezu zure, diseinutik hasita edukietaraino.

Sare sozialak webguneko berrikuntzak edo atal ezberdinak ezagutarazteko erabil ditzakezu, trafikoa erakarriz. Eta aldi berean, posta elektroniko korporatiboak sor ditzakegu.

Eta webgunea WordPress bezalako software libreak erabiliz sortzen baduzu, askoz hobe!

Biltegiratzeko “laino propioa”

Geroz eta paper gutxiago erabiltzen dugu, dena modu digitalean gordeaz. Eduki digitalek biltegiratze sistemetara garamatzate.

Askotan ezin da biltegiratze fisiko bat egin, “lainoan” biltegiratzeko joera dugularik. Eta nola egin biltegiratze sistema propio bat, hirugarrenen baliabide eta dependentziarik gabe?

Bada, adibidez, TaPuntun meta.eus erabiltzen dugu, Talaios-eko lankideek NextCloud software librean oinarrituta eskaintzen duten zerbitzua.

Argazkia: Ffreestocks