Chiquita ganar, partida perder

2019/03/29

Usurbilgo gure kabi ondoko Antxeta tabernan oso ohikoak dira mus partidak. Arratsaldero entzuten ditugu bertan biltzen direnen jokaldi azkarrak.

Musean jokatzen ez dakienarentzat, labur esanda, zenbaki altuko kartak behar dira partida irabazteko aukerarik izan nahi bada. Aldiz, karta handirik ez baduzu, bi aukera dituzu: zintzo jokatu, eta ezer ez duzunez, pasatzen joan, hurrengo bueltan karta hobeak izango dituzunaren esperoan; edo, karta handiak izango bazenitu bezala jokatu, besteek hala dela pentsa dezaten.

Txikitan, nire aitatxi Martin zenak erakutsi zidan musean jokatzen. Hasi berritan, bi bateko ere karta onak iruditzen zitzaizkidan: pareak baditut, eta txikia irabazia ziur. Hor aritzen nintzen ni:

– Handira, paso.
– Txikira, HORDAGO.

Eta gogoan daukat zer esaten zidan aitatxik: “Chiquita ganar, partida perder“. Bazekien zeozer hark.

Bizitza mus partidarekin konparatuko bagenu, eta dena delakoagatik karta txikiak izango bagenitu, hemen ere bi aukerarekin egingo genuke topo.

Zintzo jokatu, eta daukagunarekin ahal dena burutu, gure ingurukoei egoera zaila azalduz. Edo karta handiak bagenitu bezala jokatu, gure burua nolabait salbatu nahian, puntuak edo partida beste modu batetara irabaziz… galtzeko arrisku handiarekin, noski.

– Handira, lau.
– Txikira, enbido.
– Pareak, bai. HORDAGO.

Eta besteak, hordagoa hartu. Chiquita ganar, partida perder.

Argazkia: freepik

Partekatu: