2023/03/17

Azken aste hauetan sarri errepikatu dugu gu ez garela adituak, arituak garela. Izan ere, egunero tokatzen zaigu erronka berriei aurre egitea, jende ezberdinarekin lan egitea, egoera berrien aurrean erabakiak hartzea… Horrek egiten du gure lana hain interesgarri, eta horrek bultzatzen gaitu etengabe saretzera, arlo ezberdinetan lanean dabiltzan adituak entzun, eurengandik ikasi eta gure ezagutza aberastera.

TaPunturen sorreratik, ordungo lankideek argi izan zuten, euren ezagutza elikatzeaz gain, jendarteari modu irekian, doan eta euskaraz zerbait eskaini nahi zietela. Hortik jaio zen Nortasuna Sarean jardunaldia eta dagoeneko, zortzigarren edizioaren atarian gaude.

Askotariko gaiak jorratu izan ditugu, betiere, euskara, komunikazioa eta teknologia zehar-lerro izanda: nola izan ikusgarri sarean, markagintza, online salmenta, testuaren garrantzia, komunikazioa krisi garaian, influentzerrak…

Aurtengoan, horri guztiari gehitu beharreko beste zehar-lerro bat hartu dugu ardatz: Komunikazio parekidea edo, hobe esanda, komunikazio parekidearen miopiak. Izan ere, betaurreko moreez sarri hitz egiten dugu eta “bistan da!” bere garrantzia, baina ustez jantzita ditugun betaurreko horiek ondo graduatuta al ditugu? Errebisiorik pasatzen al diegu?

Gure begirada eguneratzen lagunduko digute aurtengo sei gonbidatuek.

Komunikazio parekidea

Mila ikuspegitatik jorratu daiteke komunikazio parekidearen gaia. Parte-hartzaileak aukeratzerako garaian, saiatu gara profil ezberdinak topatzen eta arlo bakoitzean zertan ari diren ezagutzen. Prestaketa lanetan murgilduta, guztiekin hitz egiteko aukera izan dugu eta harro esan dezakegu benetan kartel dotorea osatu dugula. Parte-hartzaile bakoitzarekin goiz oso bat egon gintezke solasean, kontatzeko duten guztia entzuten. Esperientzia zabalak eta interesgarriak dituzte. Kazetaritza, ikerketa, pedagogia, adimen artifiziala eta teknologia berriak, publizitatea eta markagintza, irakaskuntza… Badago zer aztertua, zer eztabaidatua eta zer ikasia.

Aurtengoa zortzigarren edizioa izango da eta esan genezake, Nortasuna Sarean jardunaldiak baduela nortasun propio bat, egiteko modu bat, izateko modu bat. Elkarlana dugu oinarri eta hau ez litzateke posible izango gure bidelagunen eskuzabaltasunik gabe. San Telmo museoa, Berria egunkaria, Antza Komunikazio Grafikoa, Bira produkzioak, PuntuEus fundazioa eta Itziar Bastarrika. Eurekin izango da posible aurtengo jardunaldia.

Eta noski, zuekin. Ez bailuke zentzurik izango prestaketa guztiak zuen presentziarik gabe.

Bertan espero zaituztegu!