2016/03/18

Mugikorra gero eta gehiago erabiltzen dugu, hori begi bistakoa da kalera irten eta begiradatxo bat ematen badugu. Azterketek ere  hala baieztatzen dute, telebista eta ordenagailuan ematen dugun denbora gutxituz badoa ere, mugikorraren erabilera goruntz doalako. Horren ondorioz  jendartera iristeko berebizikoa da mugikorretara iristea eta erabiltzaileek gure webgunean esperientzia ona izatea, irudian eragin handia izango baitu.

Kalean oinez gabiltzanean, lanean, autobusean… erabiltzen ditugu normalean, ingurune mugikor batean eta pantailan atentzio osoa jarri gabe.

Mugikorren munduan barneratzeko hiru oinarrizko pauso eman beharko ditugu: lehenengo mugikorretara egokituriko webguneak sortuz, gero denden lokalizatzaileetan agertuz eta azkenik aplikazioa sortu beharko genuke.

Webgune egokitua

Lehen pauso hori mugikorretara egokituriko webgunea sortzea litzateke, ordenagailuetarako bertsioak ez direlako egokiak mugikorretako pantaila txiki eta ukigarrietarako. Hori modu egokian egiteko,  hiru aukera nagusi daude:

blogarenargazkia

1- Web diseinu egokituan (URL berdina, HTML kode berdina) webguneko bertsioa mugikorretara automatikoki egokitzen da.

2- Argitarapen dinamikoan (URL berdina, HTML kode ezberdina) www. edota m.-rekin ezberdindu daitezke soilik eta diseinu erabat egokitua dauka plataforma bakoitzerako.

3- Gune independenteetan (URL ezberdina, HTML kode ezberdina) plataforma bakoitzerako webgunea erabat independentea da besteengandik.

Mugikorretarako bertsioak orohar garrantzitsuak dira bezeroak bereganatzeko, gurekin duten lehen kontaktua izan daitekeelako. Mugikorretarako bertsioek kontuan izan behar dute mugikorrak ez direla ordenagailuak bezala erabiltzen. Hau da, kalean oinez gabiltzanean, lanean, autobusean… erabiltzen ditugu normalean, ingurune mugikor batean eta pantailan atentzio osoa jarri gabe. Beraz, mugikorreko bertsioak karaktere handiak, testu sinpleak eta irudi handiak izan beharko ditu oinarrizko puntuak barneratu eta nabigazioa ahalik eta gehien erraztuz.

Gainera, Nielsenek Googleentzat eginiko azterketa batean azaltzen denez, mugikorretik produktu edota denden inguruko informazioa bilatzen dutenen %50 inguruk ordu bete baino lehen kontsumitzen du. Bezeroen erdiak segituan kontsumitu nahi duela ikusirik, gure webguneak ahalik eta erraztasun gehien eman behar dizkie, gure denda bisitatu dezaten, telefono deia  edota online erosketa egin diezaguten.

Webgunean argi eta garbi barneratu beharko dugu kokapenaren informazioa; telefono esteka (zuzenean deitu ahal izateko) eta e-posta kontaktua

Hauek pantailaren toki ikusgarri batean barneratzea oso garrantzitsua da.  Gainera, enpresaren funtsezko funtzio eta lanen informazioa ere ikusgarri egon beharko da, baita e-dendarako estekak ere. Izan ere, bezero bat mugikorrean dagoenean gehien interesatuko zaiona ziurrenik zuzenean dendarekin kontaktuan jartzea, dendara bertara joatea edota online erosketa egitea.

Kokagunea

Bigarren pausoa, gure dendaren kokagunea ongi zehaztea eta kokagunea sustatzea izango da, adibidez Google maps-en. Mugikor batean bilaketa egiterakoan oso garrantzitsua da mapan agertzea, izan ere gerta daiteke gure negozioa mapan gertu dagoela ikustea eta bertara gerturatzea.

Publizitatea egiterakoan ere hau aintzat hartu beharko dugu eta adibidez dendaren inguruko radio batean dauden pertsonei zuzendu gintezke dendara erakartzeko asmoz. Hori lortzeko, pertsona horien mugikorreko iragarkietan agertzea bila dezakegu, Google-i ordainduz.

Aplikazioa

Hirugarren pausoa aplikazioa sortzea da. Webgunea lehen kontaktuetarako edo maiztasun gutxiko erabiltzaileei zuzentzen zaie eta aplikazioa bestalde gurekin fidelak diren bezeroei zuzentzeko edo ez direnak fidelizatzeko. Bezeroak aplikazioa deskargatu eta hau erabilia izan dadin erabiltzaileak balio erantsi bat nabaritu beharko du bertan. Ondorioz aplikazioak funtzio praktiko bat izan beharko du edo gutxienez entretenigarria izan beharko du. Eta hori lortzeko asmoz, aplikazioak ez du webgunearen kopia bat izan behar, baizik eta ezaugarri bereizgarriak jaso beharko ditu. Adibidez gure produktuak erosteko deskontuak eman ditzakegu bertatik edota profilari egokituriko erosketak proposatu.

Aplikazio hauek iragarkien bidez sustatuak izan daitezke. Hasiera batean, publizitatea eginez deskargatuak izan daitezen eta ondoren, erabilera bultzatzeko iragarkiak eginez.

Beraz, badakizu, dendaren bat izan eta inguruko jendea zure bezero izatea iritsi dadila nahi baduzu,  gomendio hauek jarraitzera animatzen zaitugu! Zorte on!